PAREKIDETASUNA

Emaginek ez du indarkeria sexistarik gabeko gunea jarriko Hondarribian

Formazio feminista ematen du Emaginek, eta jaietan indarkeria sexistarik gabeko guneak jartzen ditu. Udalak jartzeko eskatu dio aurten, baina Emaginek esan dionean alardearen gaia ere sartuko duela gunean, atzera egin du udalak.

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko irailak 5

Hondarribiko jaietan ez dute jarriko indarkeria sexistarik gabeko gunea. Emagin elkartearen zerbitzu bat da: festa lekuetan jartzen dute gune hori, indarkeria sexista prebenitzeko eta informazioa emateko. Emakume gazteentzako zerbitzua da batez ere: besteak beste, erasoak identifikatzen laguntzeko eta autodefentsa ezagutzera emateko helburua du. Hondarribiko Udalak iaz eskatu zion Emagini horrelako gune bat jartzeko, eta aurten ere asmo bera azaldu du. Ordea, alardearen gaia tartean sartu denean, atzera egin du.

Emaginek berak azaldu du zer gertatu den. Haren arabera, iaztik hona gogoeta egin dute, "autokritika", iaz Hondarribian gune horrek izandako zentzuari buruz: "Konturatu ginen ez genuela lotu Alardearekin dugun gatazka indarkeria sexistarekin". Horregatik, udalaren eskaria jaso dutenean, zera erantzun diote: "Jaien inguruan egiten dugun irakurketa gunean egotea nahi genuela, guretzat ezinbestekoa baita indarkeriaren egiturazko izaera lantzea". Emaginen esanetan, udalak jarrera aldatu du orduan, eta atzera egin du: ez du Emagin kontratatu, indarkeria sexista prebenitzeko gune hori jar dezan.

Hortaz, aurten Emagin ez da egongo Hondarribiko jaietan. Udal gobernuaren jokabidea kritikatu du taldeak: "Bermatu beharko luke emakumeok bizitzako eremu guztietan parte hartzeko dugun eskubidea, aurpegia zuritzeko ahalegin faltsuetan denbora galdu gabe". Bidenabar, jakinarazi du irailaren 8an Hondarribian izango dela, Jaizkibel konpainia parekidea babesten. Hain justu, igandean Jaizkibel babestera joateko deia zabaldu du mugimendu feministak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna