Hondarribiko alardea

Etengabe hazten ari den olatua

Hondarribiko alardean iaz izandako istiluen ostean, Jaizkibel konpainia indartuta atera da, eta hala adierazten du aste honetan egindako hiru entseguetan bildutako jendetzak. «Inoiz ez dugu egin hain entsegu jendetsurik», adierazi du Izaskun Larruskainek. Igandea noiz iritsiko irrikan daude.

Eider Goenaga Lizaso.
2019ko irailaren 6a
09:10
Entzun

Hiru entsegu egin ditu aste honetan Hondarribiko Jaizkibel konpainiak, eta egunez egun jende gehiago batu zaio konpainia mistoari. 310 lagun kontatu zituzten astelehenean, eta 350 asteartean. “Inoiz ez dugu egin hain entsegu jendetsurik, eta seinale ona da hori. Jende gehiago ari zaigu batzen, eta, iaz zazpiehun izan baginen, ea aurten kopuru hori gainditzen dugun. Oso pozik gaude”, esan du Izaskun Larruskain Jaizkibeleko kide eta kapitain ohiak.

Asteartea da, eta 19:45ean hasiko dute entsegua. 19:15ean jada hasi da jendea elkartzen Bittoriano Juaristi kalean. Txapel gorriak pilatzen ari dira errepidearen bi aldeetara. Ertzainen patruila bat ere badago, baita kaleko jantzitako lauzpabost ertzain ere. Adin guztietako jendea da; umeak, gazteak, helduak eta adinekoak; batzuk txilibituarekin, besteak danborrarekin. Ez da tentsiorik sumatzen. Festa giroa da nagusi. “Etortzen zaren lehen aldia da? Igandean atera behar duzu?”, galdetu dio gizon batek pasaeran topatu duen emakumeari. “Bai, lehen aldia da, bai. Biok atera behar dugu”, erantzun dio emakumeak, irribarre handia ezpainetan, eta hatza bere bikotekideari begira jarriz. “Ze ondo! Primeran”, gizonak, agur eginez.

Bigarren entsegua dute. Bezperakoa “zoragarria” izan zela dio Larruskainek. Baina hainbeste jende elkartzeak ere baditu ondorioak, eta ondo antolatu behar dute. Ordua iritsi denean, Oihana Etxebarrieta kapitainak hartu du mikrofonoa, eta bildutakoei hitz egin die. Zoriondu egin ditu bezperako entseguagatik, eta hainbat azalpen eman ditu. Ozenago hitz egiteko eskatu diote, atzekoek ez baitute entzuten.

“Atzo, lehen entsegua izanda, eta astelehena izanda, ikusi genuen zenbat jende bildu ginen. Baina horrek pentsarazten digu, eta jada ikusten da, gaur gehiago izango garela, are gehiago bihar, eta, garrantzitsuena, 8an sekulako konpainia osatuko dugula”. Hala, urtero ateratzen diren tenienteez gain, Jaizkibel konpainian arduradun batzuk izendatu dituzte, desfilatuko dutenen erreferentzia izateko. Iganderako hainbat jarraibide ere eman ditu Etxebarrietak.

“Atzokoa ikaragarria izan zen. Gaur ez dut gutxiago espero zuengandik guztiengandik. Beraz, aurrera. Aupa, zuek! Gora Jaizkibel! Alarde parekidea lortu arte!”, egin du oihu Etxebarrietak, entseguari hasiera emateko.

Artikulua osorik irakurri nahi baduzu joan Gipuzkoako Hitza-ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.