EUSKARA

Euskara ikastea, "elkarbizitzarako" urratsa

Euskaltegietako matrikulazio kanpaina zabalik dela, izena emateko deia egin dute EAEko erakundeek eta euskaltegietako arduradunek. Jaurlaritzak nabarmendu du inoiz baino diru gehiago bideratuko duela ikasleak laguntzeko.

Erakundeetako eta euskaltegietako ordezkariak, kanpainaren aurkezpenean. IREKIA
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko irailaren 9a
10:18
Entzun

Ikasturtea egunotan hasi dute milaka neska-mutikok, eta beste ikasketa batzuetan hasteko atea ere zabalik dago: euskaltegietakoa. Matrikulazio kanpainan dira oraintxe, eta urrian hasi ohi dira eskolak. Joan den astean Nafarroako Gobernuak eta euskaltegiek egin zuten izena emateko deia, eta gisa bereko mezua eman dute EAEko erakundeek eta euskaltegiek ere. Kanpaina bat jarri dute martxan, lelo honekin: Euskararekin gehiago ahalko duzu.

Izan ere, nabarmendu dute euskara ikastea herritar gisa "ahalduntzeko" modu bat dela. "Euskaraz hitz egiteko gai izatea herritar bezala ahalduntzeko beste modu bat da. Eta hori euskara ikasteko bidea egin dutenek nabarmentzen dute. Euskara ikasiz, ikusezina zen mundu bat ikusgai bilakatzen da". Hala adierazi du aurkezpenean Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuak. "Euskara ikasteko urratsa egitea ahalmen berri bat betiko eskuratzea da: euskara bizitza guztirako inbertsioa da".

Norberarentzat bakarrik ez, gizarte osoarentzat da abantaila euskara ikastea, Zupiriaren esanetan. Urteotan euskara ikasi dutenen ahalegina goraipatu du. "Guztiei eskertu behar dioegu. Euskara ikasiz, beste hainbat herritarrengana hurbiltzeko ahalegina egin dute, eta gure gizartearen elkarbizitza sendotzen lagundu dute".

Euskara ikasteko erraztasunak gero eta handiagoak direla nabarmendu dute. Batetik, moduetan: eskola ordutegi malguagoak eta teknologia berrien erabilerak dakartzan aukerak. Bestetik, dirutan: Jaurlaritzak azaldu du %37 diru gehiago jarri duela aurten ikasleen laguntzetarako, eta espero duela datorren ikasturtean "doakotasuna" lortuko dutela B2 mailara arteko ikasleentzat. Ikasketa prozesuarekin lotu du hori gobernuak: ez da hasieratik doakoa izango euskaltegian hastea, baizik eta egindako gastua bueltatu egingo diete diru laguntzen bidez, azterketak gainditzean. Hain justu, Eusko Legebiltzarrean elkarrekin egin dute proposamen bat EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek: euskara ikasteko doakotasuna C1 mailara arte ezartzeko lege proposamena egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.