INGURUMENA

Ehiza baimendu dute Ulia mendian, Donostia eta Pasaia artean

2014an ezarri zuen debekua Gipuzkoako Diputazioak, Donostiako eta Pasaiako udalen eskariaren ondoren, inguruko segurtasuna bermatzeko. Epaitegiek aurka egin ostean, ehiza baimentzea erabaki du orain aldundiak.

Ehiza postu bat, Ulia mendian. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko irailaren 10a
07:18
Entzun

Aspaldikoa da ehizaren auziak Ulia mendian sortutako eztabaida. Donostia eta Pasaia artean dago mendia, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak segurtasun eremu izendatu zuen 2014an; alegia, debekatu egin zuen ehizan aritzea. Talde ekologistek txalotu egin zuten neurri hura —EH Bildu zegoen gobernuan—, baina Gipuzkoako Ehiza Federazioak auzitara jo zuen. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ehiza federazioari eman zion arrazoi 2017an, eta joan den ekainean auto bat argitaratu zuen, epai hori betearazteko. Diputazioak gaurko aldizkari ofizialean egin du aldaketa: bertan behera utzi du Ulian ehizan aritzeko debekua.

2014ko foru agindu hartan, aldundiak gogora ekarri zuen Donostiako lurren zati handi bat segurtasun eremu izendatuta dagoela, "Donostiaren ingurunean segurtasun eraztun bat sortzearren eta, hartara, pertsonen eta ondasunen segurtasuna egoki zaintzearren". Hain justu ere, babes eremu hori handitzeko eskatu zuten Donostiako Udalak 2010ean eta Pasaiakoak 2011n. Bi udalek adierazi zuten "parke periurbanoa" dela Ulia, eta hori "bateraezina" dela ehizarekin. Guztira 46 ehiza postu galarazi zituen aldundiak, Ulia-Mendiola eta Mendiola-Plata Itsasargia lerroetakoak.

Auzitegi Nagusiak, ordea, baliogabetzat jo zuen debeku hura. Besteak beste, argudiotzat erabili zuen 2011ko ehiza legea, Eusko Legebiltzarrak onartutakoa. Haren arabera, segurtasun eremu izatetik salbuetsita daude 2011 baino lehen onartuta zeuden ehiza postuak. Hori da Uliako kasua. Alegia, epaileen arabera, ehiza legea aldatu aurretik postuak jarrita zeudenez, orain ezin dira galarazi.

Auzitegiaren agindua betez, diputazioak bertan behera utzi du 2014ko agindua, eta ontzat jo ditu itxitako 46 ehiza postu horiek. Donostiako lurretan daude gehienak, 36, eta gainerakoak, Pasaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.