Katalunia

Torrent: "Aurtengo Diada ziklo politiko baten amaiera izango da"

Urtero bezala, Generalitateko buruek lore eskaintza egin diote Rafael Casanovari Diada egunean. Indar independentistek batasunerako baliatu nahi dute Diada, buruzagi independentisten kontrako auziaren epaia heltzen denerako.

Quim torra Kataluniako presidentea Rafael Casanovari eginiko lore eskaintzan, gaur, Bartzelonan. ENRIC FONTCUBERTA, EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Gorka Berasategi Otamendi
2019ko irailaren 11
06:56
Entzun

Diada eguneko ekitaldi instituzionala egin dute gaur goizean Bartzelonan, eta, ohi bezala, Rafael Casanovari lore eskaintza egin diote Kataluniako erakunde nagusietako ordezkariek. Kataluniako Parlamentuaren izenean, Roger Torrent presidentea izan da, eta adierazi du Kataluniako auziko epaiak gehiengoak indartuko dituela eta aro politiko baten amaiera ekarriko duela.

Indar independentistak elkarren arteko harremanak ahulduta iritsi dira epaia espero den garaira. Adierazpen publikoetan ere islatu dira JxC eta ERC bi indar independentista nagusien arteko ulertu ezinak azken hilabeteetan. Diada, ordea, mugarri bihurtu nahi dute, eta, buruzagi independentisten kontrako auziaren epaia iristen denerako, batasuna indartzeko baliatu nahi dute.

Torrenten esanetan, gaurko Diadak "ziklo politiko baten amaiera eta berri baten hasiera" ezarriko ditu. Aldi berri horrek "gehiengo zabalen eraikuntzan" oinarritu behar du Torrenten ustez, eta errepresioaren bazterketan eta "irtenbide demokratiko" baten aldeko apustuan.

JxCeko parlamentari Albert Batetek nabarmendu du Espainiako Estatuaren "errepresioak" ez duela lortu Katalunian garaitzea, "1714an ere lortu ez zuen bezala". Haren esanetan, hala frogatzen du Kataluniako Parlamentuko gehiengo independentistak. "Ezin izan dute menderatu Kataluniak estatu bihurtu eta independentzia lortzeko duen borondate irmoa".

Miquel Iceta PSCko idazkari nagusiak ere "aldi berri bat" abiatzera deitu du, baina independentziaren gaineko eztabaidak "eragin duen zatiketa gainditzeko". Icetak beharrezkotzat jo du Kataluniarren gehiengo zabal bat bilduko duen "adostasun berri bat" bilatzea.

Ada Colau Bartzelonako alkateak (Barcelona En Comu), berriz, ohartarazi du buruzagi independentista auzipetuak kartzelan egoteak "urrundu" egiten duela Kataluniako gatazkaren konponbidea. Casanovaren lore eskaintzan pozik agertu da Bartzelona "aldarrikapen zibiko ugariren agertoki" bihurtu delako.

Alderdi Popularrak duela urte batzuk utzi zion ekitaldira joateari, baina, gaurkoan, izan da haien ordezkaririk lore eskaintzan. Josep Bou Bartzelonako PPko zinegotziak independentistei egotzi die Casanovaren irudia "bereganatzen saiatzea".

Diada "zaila"

Buruzagi independentista auzipetuen absoluzioa eskatzeko ekitaldia egin du Omnium Culturalek, 13:00etan, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan. Bertan, Elisenda Paluzie ANCko presidenteak aitortu du aurtengo Diada "zaila" dela, eragile independentisten arteko desadostasunengatik. Paluziek mobilizatzeko eskatu die herritarrei, eta "errepresioak" independentismoa ez duela garaitu frogatzeko. Buruzagi independentista auzipetuek zigor "bidegabea" jasoko dutela aurreratu du. Epai horri "irmotasunez" erantzutera deitu du.

Arratsaldean egingo dute Diada eguneko manifestazioa, Independentzia helburu lelopean. ANCko buru Elisenda Paluziek aurreratu duenez, dagoeneko 450.000 pertsonak eman dute izena parte hartzeko. Iaz Diagonal etorbidean egin bezala, zatika banatuko du Kale Nagusia, Gracia pasealekuaren eta Espainia plazaren artean. Ekitaldia bera 17:14an hasiko da, borboitarrek Katalunia konkistatu eta hango instituzioak indargabetu zituzten urtea oroitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.