Kataluniako prozesu subiranista. Diada

Karrika berriz astintzeko erronka

Biltzar Nazional Katalanak Bartzelonako Kale Nagusia betetzeko deia egin du gaur, 'Independentzia helburu' lelopean. 400.000 herritarrek eman dute izena

Karrika berriz astintzeko erronka.
mikel rodriguez
2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
ANC Biltzar Nazional Katalanak zortzigarren aldiz jarraian antolatu du Diadako aldarrikapen ekitaldi nagusia. Aitzinekoetan jendetza ikusgarriak erantzun dio ANCren deiari, eta prozesu independentistak bultzadatzat hartu izan du mobilizazioen arrakasta. Aurten, ordea, zalantza izan da nagusi, Diada egokitu baita Espainiako Auzitegi Gorena lider independentisten auziko epaia ematear dela eta alderdi politiko independentistak desadostasunetan nahastuta daudela. Hala ere, badirudi ANCk bertze behin lortuko duela karrika astintzea, atzo jakinarazi zuenez 400.000 herritarrek eman baitute izena gaurko ekitaldian parte hartzeko —460.000 ziren iazko bezperan—.

Bartzelonako Kale Nagusia da ANCk aukeratu duen topagunea. 16:00etarako deitu herritarrak han biltzera, Independentzia helburu leloa duen mobilizaziora. Iaz Diagonal etorbidean egin bezala, zatika banatuko du Kale Nagusia, Gracia pasealekuaren eta Espainia plazaren artean. Ekitaldia bera 17:14an hasiko da, borboitarrek Katalunia konkistatu eta hango instituzioak indargabetu zituzten urtea oroitzeko.45 minutu inguru iraunen du, eta hiru zatitan banatu dute: lehen zatian, «gizartearen aniztasuna» irudikatuko dute; bigarrenean, «gizarteak egin dezakeena» azalduko dute; eta, hirugarrenean, ANCko, Omnium Culturaleko eta AMI Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteko kideek adierazpen bat irakurriko dute.

Iaz bezala, euskal herritarrei dei berezia egin diete ANCren ekitaldian parte hartzeko. Zehazki, ibilbidearen 21.a eta 22.a izanen dira euskal zatia. Independentistak sareak kalejira bat antolatu du Bartzelonako Euskal Etxetik Kale Nagusiraino (15:00).

Ekitaldi saila egun osoan

Nahiz eta ANCk antolatutakoa den gaurko ekitaldi nagusia, urtero bezala ekintza dezente antolatu dira. Bezperan egin ohi da Generalitatearen ekitaldi instituzionala, baina atzo, eguraldia zela-eta gibelatzea erabaki zuten. Gaur arratsean eginen dute Generalitatearen Jauregiaren parean (22:00). Ez da izan eguraldiak oztopatu duen ekitaldi bakarra, bart Montserrat mendian egitekoa zena ere bertan behera utzi baitzuten —131 zuzi piztekoak ziren, Generalitateko 131 presidenteen omenez—.

Gaurko bertze ekitaldien artean, nabarmentzekoak dira Omniumek auzipetuen absoluzioa eskatzeko deitu duen martxa—12:00etan, Bartzelonako Lluis Companys pasealekuan—, CDR Errepublikaren defentsarako batzordeek parlamentuaren parean deitu duten elkarretaratzea(13:00), eta CUPek eta ezker independentistako bertze eragile batzuek Urquinaona plazan eginen duten manifestazioa, 18:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.