INDARKERIA MATXISTA

Behin-behinean kartzelara sartu dute Izarren aita, ihes egiteko arriskuagatik

Urriaren 16ra arte atzeratu da Majarenasen bikotekide ohiaren aurkako epaiketa. Bitartean akusatua espetxeratzeko eskatu dute fiskalak eta akusazio partikularrak, eta onartu egin du epaileak. Perituek berretsi dute "berehala hiltzeko arriskuan" egon zela umea.

Izar umeari eraso zioten etxea./
Izar umeari eraso zioten etxea./ Juan Carlos Cardenas/Efe

Maite Asensio Lozano -

2019ko irailak 11

Sara Majarenas euskal preso ohiaren alaba Izar "oso larri" zauritu zuen aitak, eta "berehala hiltzeko arriskuan" iritsi zen Valentziako La Fe ospitaleko (Herrialde Katalanak) larrialdietara, aurrez Alzirako osasun etxean artatua izan eta gero. Hala berretsi dute gaur goizean erietxe horretako ZIU zainketa intentsiboetako unitate pediatrikoaren arduradunak eta bi peritu medikok, haurraren erasotzailearen aurkako epaiketaren bigarren saioan.

Valentziako Probintzia Auzitegian epaitzen ari dira Stytianos Messinezis: fiskalak eta akusazio partikularrak 30 urteko espetxe zigorra eskatu dute harentzat, alaba hiltzen saiatzea eta Majarenasi lesio psikikoak eragitea egotzita. Haien tesiaren arabera, Majarenasi min egiteko eraso zion akusatuak alabari, indarkeria matxistako kasuetan ohikoa denez.

2017ko urtarrilaren 15ean gertatu zen erasoa, akusatuak Benifaio herrian (Herrialde Katalanak) zuen etxean. Umeak 2 urte eta hamar hilabete zituen, eta amarekin bizi zen Picassenteko kartzelan, baina asteburuak aitarekin egiten zituen. Baimen horietako batean gertatu zen erasoa: bi labankada eman zizkion Messinezisek —ondoren etxetik alde egin zuen, haurra hilda zegoelakoan—, eta, horien ondorioz, Izarrek lesio larriak izan zituen urdailean, esofagoan, birikan eta bihotzean. Ospitaleko ordezkariak azaldu duenez, "oso gaizki" iritsi zen hara: "Ia odol guztia galdu zuen, tentsiorik gabe geratu zen... Hiltzear egon zen". Lesio nagusien ondorioz, beste hainbat konplikazio ere izan zituen, perituek gaineratu dutenez. Guztira bost ebakuntza egin behar izan zizkioten, eta bost aste egin zituen ospitaleratuta.

Horrez gain, kalte psikologiko eta psikiatriko handia jasan zuen Izarrek, perituek nabarmendu dutenez. Oraindik 3 urte ez zituela, trauma osteko estresa izan zuen, baita antsietatea ere, amarengandik banatuta egotearen ondorioz —hiru asteetan, bi egunetan behin ordubetez baino ezin izan zuen Majarenasek alabarekin egon ospitalean—. "Lehen egunetan, ez zuen hitz egiten, ezin zuen bakarrik lo egin...", esplikatu du Valentziako peritu batek. Gipuzkoan haurraren balorazioa egin duten adituek adierazi dute hobera egin duela, baina oraindik sintoma batzuk agertzen dituela: antsietatea, lo egiteko arazoak, jokabide "konpultsibo eta erasokorrak"...

Majarenasek ere "hainbat tratamendu psikiatriko eta psikologiko” behar izan ditu erasoari aurre egiteko, forentseen arabera. Antsietatea du hark ere, eta oraindik tratamendupean dago. Amaren egoera psikologikoa preso izaerarekin lotzen saiatu da defentsa abokatua —atzo ere behin baino gehiagotan kargu hartu zion epaileak, ETArekin lotutako galderak egiteagatik—, baina perituek erantzun dute Majarenas "ondo" egokitu zela espetxera, nahiz eta kartzelaldian "une jakin batzuetako" laguntza psikologikoa eskatu zuen, eta orain duen gaitz psikologikoa alabaren aurkako erasoak eragin diola: "Antsietatea gertakariokin lotuta dago; horren ondorio da sintomatologia".

Kartzelatzeko eskaera

Gaur zen amaitzekoa epaiketa, baina, lekuko baten eta bi perituren deklarazioen faltan, hirugarren saio bat egin beharko dute urriaren 16an. Aldeek orduan aurkeztuko dituzte ondorioak, eta epaiaren zain geratuko da auzia. Hain justu, hirugarren saioa hilabetez atzeratuko dela eta, akusatua behin-behinean kartzelatzeko eskatu dute fiskalak eta akusazio partikularrak. Epaileak onartu egin du.

Messinezis aske dago otsailetik, bi urteko behin-behineko espetxealdia agortu zuenetik, Majarenasengana eta Izarrengana hurbiltzeko debekuarekin. Fiskalaren ustez, ihes egiteko arriskua areagotu egin da orain, epaiketan froga "sendoak" aurkeztu dituztelako eta zigor eskaera oso handia delako. Akusazio partikularrak erantsi du urruntze agindua kontrolatzeko gailu telematikoekin hainbat gorabehera izan direla, eta ama-alaben kezka ez ezik, gutxienez 145 polizia mugiaraztea ekarri duela horrek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna