Etika eta alde ekonomikoaren arteko harremana. Hori izan da aipagai Euskal Herriko Unibertsitateko ikasturte berriko irekiera ekitaldian, Gasteizko campuseko Letren Fakultatean. Hain zuzen ere, Nekane Balluerka EHUko errektoreak esan du balio etikoak ez direla oztopo produktibitatearentzat, baizik eta “aliaturik onenak”. Eta bikaintasuna ere izan du gogoan: “Etilismoa eta bikaintasuna desberdindu behar dira; unibertsitate lehiakor batek bikaintasunaren alde egin behar du apustu”. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, berriz, gaineratu du bikaintasun horrek “ebaluazioaren eta hobekuntzaren aldeko jarrera” eskatzen duela.
Zientzia eta gizarte zientzien arteko elkarlana, finantziazio publikoaren eta pribatuaren beharra, edota nazioarteko harremanak ere kontuan hartu behar direla azaldu du EHUko errektoreak: “Lau helburu horiekin adierazi daiteke unibertsitate euskaldun, publiko, bikain eta inklusiboaren identitatea”. Eta Urkulluk gaineratu du helburu horiekin posible izango dela “kalitatezko zerbitzu” bat eskaintzea.
Erronkak eta konpromisoak
Ikasturte honetako helburuak ez ezik, 2018-2019ko ikasturtean izandako erronkak eta hartutako konpromisoak ere aipagai izan dira aurkezpenean. Prestakuntza dualeko eskaintza, ikerketaren aldeko apustua eta nazioarteko harremanak ziren erronketako batzuk. “Bat gatoz erronka horiekin”, esan du Urkulluk.
Konpromisoei dagokienez, euskara eta euskal kultura, indarkeria matxistaren aurkako borroka, eta "babes sistematik" igaro diren gazteei laguntzeko Arrakasta programa izan ditu gogoan Balluerkak. Hark nabarmendu du EHUk konpromiso “sendoa” erakusten duela euskararen eta euskal kulturaren alorrean. Baita indarkeria matxistaren kasuetan ere: “Protokolo berri bat abiarazi dugu hainbat jazarpen eta indarkeria kasuri aurre egiteko; Euskal Herriko Unibertsitatea feminismo instituzionalaren erreferente bihurtu da”. Azkenik, azaldu du Arrakasta programari esker posible izan dela "babes sistematik" igaro diren zenbait haur eta nerabek unibertsitaterako sarbidea edukitzea.