Gizartea

Ezkaba hesitzeko proiektua eten du Espainiako Defentsa Ministerioak

Jose Maria Aierdi lehendakariordeak "oso positibotzat" jo du ministerioaren erabakia; ministerioak beste proiektu bat aurkeztuko du.

Ezkabako irudi bat. IDOIA ZABALETA, FOKU
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko irailaren 12a
07:41
Entzun

Atzera egin du Espainiako Defentsa Ministerioak, eta, oraingoz, bertan behera utzi du Aitzoaingo (Berriobeiti, Nafarroa) kuartelaren eta Alfonso XII.a gotorlekuaren artean dagoen eremua hesiz ixteko asmoa. Horren ordez "beste proiektu bat" aurkeztuko duela iragarri du ministerioak.

2018ko otsailean aurkeztu zituen Defentsa Ministerioak Ezkaba mendiari zuzenean eragiten zioten bi proiektu. Batetik, Aitzoaingo kuartela handitzeko plana —jadanik martxan da—; eta, bide batez, "tiro eremuaren inguruko segurtasun tartea zabaltzeko proposamena". Azken horren ondorioz, 4.550 metroko luzera eta 500 metroko zabalera izango lukeen hesi bat eraiki nahi zuten militarrek, Ezkaba mendia Aitzoaingo kuarteletik hasi eta mendi gailurrean dagoen gotorlekuraino hesituz.

Proiektua eteteko erabakiari ondo iritzi dio Jose Maria Aierdi Nafarroako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Proiektu Estrategikoetako lehendakariordeak. "Espazioaren erabilera publikoa da oinarrizko arazoa; lehenbailehen heldu behar zaio". Asteazkenean jakinarazi zuen Defentsa Ministerioak iritzi aldaketa, eta haiekin biltzeko asmoa iragarri du Aierdik.

Kontseilariaren aburuz, hesitze proiektuak izandako harreraren ondorio da aldaketa. "Udalaren eta eragile sozialen mobilizazioek ahalbidetu dute erabakia". Izan ere, ez dira gutxi izan proiektuaren aurkako iritziak agertu dituztenak. Kasurako, SOS Ezkaba plataformak eta Nafarroako Mendizale Elkarteak egitasmoa gelditzeko eskaera bat egin zieten Berriobeitiako Udalari eta Nafarroako Gobernuari. Udalak, orduan, atzera bota zuen militarren eskaera, eta orain ministerioak ere berriz pentsatu du proposamena.

Udalak, eragile sozialak eta Nafarroako Gobernua, denak bat datozela dio Aierdik: "Ezkaba ondare natural eta kulturala da guretzat, eta mendia hesitzea planteamendu horren aurka joatea litzateke". Are, Ezkaba natur parke gisa egokitzeko egitasmoa onartu zuten iaz, eta orain jendaurreko fasean dago. Udalerriz gaindiko plan horri ere eragingo lioke militarren asmoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.