Politika

Espedientea irekitako kideei elkartasunean, autoinkulpazio kanpaina abiatu dute EAko kritikoek

Ehunka alderdikidek sinatu dutela diote, eta tartean dela Carlos Garaikoetxea. Alkartasun Egunean batasuna eskatu du Joseba Gezuraga funtziotako idazkari nagusiak.

Alkartasun eguna, gaur, Zumaian.
Alkartasun eguna, gaur, Zumaian. @ealkartasuna

Berria -

2019ko irailak 22

Urak ez daude bare EAren barruan. Pello Urizarrek idazkari nagusi kargua utzi zuenetik barne eztabaida beroan dabiltza. Idazkari berria aukeratzeko prozesuan, kritikoek datu baserako sarbidea eskuratzen dute, eta halaxe egin behar dela uste du alderdiko Berme Batzordeak. Baina, alderdiak, lege arazoak arguditu, eta ez die sarbiderik ematen. Kritikoek auzitara jo dute.

Gainera, ildo ofizialak espediente disziplinarioa ireki zien Miren Aranoa EAren Nafarroako koordinatzaileari, Iratxe Lopez de Aberasturi Arabakoari eta Mikel Goenaga Gipuzkoakoari, beraien hitzetan, "prentsaurreko bat emateagatik". "Bermapide Batzordearen ebazpenak bete daitezen publikoki eskatzeagatik, diziplina espedientea zabaldu digute".

Espedientea zabaldutako kideekin elkartasunean autoinkulpazio kanpaina bat abiatu dute kritikoek. Beraiek emandako datuen arabera, ehunka lagunek sinatu dute jada, tartean Carlos Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendari ohiak. Sinatutako testuak dio "desegokitzat" jotzen dituztela espedienteak, eta gainera, idazkari nagusi berriaren hautaketa prozesuan "zigortzat" har daitezkeela.

Batasunerako deia

Gaur ari dira ospatzen EAren Alkartasun Eguna, Zumaian. Geruzagak batasuna eskatu du han, elkartuta dagoen alderdi bat indartsuagoa dela nabarmenduz. Egiteko lan asko dutela jakitun, "konfiantza berreskuratzera" dei egin du.

MIlitanteei jakinarazi die datorren astetik aurrera jakingo dutela beraien zentsoa; urriaren 14an jakinaraziko direla hautagaitzak eta 25ean egingo dela idazkari nagusi berria aukeratzeko bozketa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna