EUSKARA

Miren Azkaratek zuzenduko du EHUko Euskara Institutua

Pello Salaburuk erretiroa hartu du unibertsitatetik, eta haren lekua hartuko du Azkaratek institutuan. Euskararen egungo erabilerari buruzko azterketa lan mardulak egiten ari da EHUko erakunde hori.

Miren Azkarate, EHUko Euskara Institutuko zuzendaria. EHU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko irailaren 27a
11:33
Entzun

Arduraduna aldatu egingo dute EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutuan: Pello Salaburuk erretiroa hartu du, eta Miren Azkarate izango da aurrerantzean institutuko zuzendaria. Euskararen azterketa leku pisuzkoa da EHUren Euskara Institutua, eta datu base mardulak osatzen ari da gramatikari, corpusari eta hiztegiari dagokionez. Tartean daude Sareko Euskal Gramatika, euskarazko gramatika modernoa, eta Egungo Euskararen Hiztegia, oraingo liburuetan eta hedabideetan argitaratutakoa oinarri duena.

Salabururen gisan, EHUko katedraduna da Azkarate, eta Euskara Institutuko kide izan da urteotan. "Pozez eta ohorez" hartu du institutua zuzentzeko aukera, eta iragarri du gogoeta bat hasiko duela erakundearen lan ildoei buruz: "Ingurune digitalak eskaintzen dituen aukerak hain azkar aldatzen ari diren garaiotan, zein proiektu motari heldu behar diogun hurrengo urteotan".

Hizkuntzalaritzaren arloan bide oparoa egin du Azkaratek; euskaltzain osoa da 1992tik —lehen emakumea izan zen Euskaltzaindiko osoko bilkuran—, eta gramatikaren arloan aritu da bereziki. Politikaren arloan ere urte luzez aritu da: Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu izan zen 2001etik 2009ra, eta Donostiako Udaleko zinegotzi 2011tik 2018ra, guztietan ere EAJren ordezkari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.