Noiz sortua: 2019-10-15 11:05:27

Auzi judizialaren bilakaera

Hamar egun zigor baterako

Hamar dira Kataluniako buruzagi independentisten epaiketa ulertzeko egun erabakigarriak. Guardia Zibilaren operazio batetik hasi, eta auzipetuek epaiketan azken hitza irakurri zuten arte.

Guardia Zibilaren patrol bat, 2017ko irailaren 27an, herritarrek protestan hartua. /
Guardia Zibilaren patrol bat, 2017ko irailaren 27an, herritarrek protestan hartua. / Quique Garcia/EFE

Igor Susaeta -

2019ko urriak 15

Bi urte pasatxo iragan dira Kataluniako prozesuak abiada hartu zuenetik. Hamar une izan dira erabakigarriak denbora horretan guztian. Tarte horretan, agerian geratu da nola jarduten duen Espainiako sistema judizialak, bai Auzitegi Nazionalean, baita Gorenean ere. Hamaikagarren une erabakigarria orain eman duten epaia izan da.


Jendetza, 2017ko irailaren 20an, Kataluniako Ekonomia kontseilaritzaren aurrean. / Alejandro Garcia, EFE

2017ko irailaren 20a

MIAKETEN ONDORIOZ, ELKARRETARATZE MASIBOA

Bartzelonako 13. Instrukzioko epaileak aginduta, Guardia Zibilak miaketak egin zituen Kataluniako Gobernuaren hainbat kontseilaritzatan, eta hamabost pertsona atxilotu zituen; tartean, Generalitateko goi kargudunak. Horrek mobilizazio masiboak eragin zituen herrialde osoan. Ekonomia Kontseilaritzaren egoitzaren parean egindako elkarretaratzean 40.000 lagun batu ziren. Carles Puigdemont Generalitateko presidente zenak "salbuespen egoera" salatu zuen. Espainiako Auzitegi Goreneko fiskaltzaren arabera, Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteak eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak hartu zuten Poliziaren aginteari aurre egiteko elkarretaratze "biolento" horren lidergoa.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente zenari, fiskalak leporatzen zion mobilizazio hartan parte hartzea eta hurrengo egunean egindako manifestaziora deitzea.

2017ko urriaren 1a

INDEPENDENTZIA ERREFERENDUMA

Espainiako Estatua eskura zituen baliabide guztiak erabiliz ahalegindu zen erreferenduma bertan behera uzten, baina, azkenean, egin zuten galdeketa. Botoa ematera deitutako herritarretatik 2.286.217k hartu zuten parte (%42), eta horietatik %90ek independentziaren alde bozkatu zuten. Poliziak herritarrei oldartu zitzaizkien, zenbait bozkalekutara indarrez sartu ziren, eta 1.066 zauritu eragin zituzten; horietatik bost, larri. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko magistratu Mercedes de Armasek erreferenduma "eragozteko" agindu zien poliziei, baina "elkarbizitza normalari eragin gabe".


Herritar bat botoa ematen, 2017ko urriaren 1eko erreferendumean. / Juan Carlos Cardenas, EFE

Kataluniako Parlamentuak aste batzuk lehenago onartu zuen erreferenduma egiteko legea, irailaren 6an. Auzitegi Konstituzionalak, baina, bertan behera utzi zuen legea hurrengo egunean, behin-behinean, eta galdeketa egitea debekatu. Fiskaltzarentzat, estatuaren batasuna "hautesteko" helburuarekin, eta nahiz eta jakin "istilu biolentoak" gerta zitezkeela, Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde ohiak eta Joaquim Forn Barne kontseilaria zenak aurrera eraman zuten galdeketa. Egotzi zieten, gainera, mobilizazioak sustatu izana eta Mossos d’Esquadraren operatibo bat hauspotu izana Espainiako Poliziari aurre egin ahal izateko.

2017ko urriaren 16a

SANCHEZ ETA CUIXART, KARTZELARA

Cuixart eta Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea espetxeratzeko agindu zuen Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Bermerik gabeko behin-behineko kartzelatzea ezarri zien —nahiz eta artean ikerketapean zeuden—, 2017ko irailaren 20an Bartzelonan Guardia Zibilaren kontrako "setio bat" sustatzea egotzita eta sedizio delitua leporatuta. Epaileak autoan jaso zuenez, ANCko eta Omniumeko buruak izan ziren Generalitatearen Ekonomia Kontseilaritzaren eraikinaren pareko protestetako solaskideak. "Gutxienez bost aldiz saiatu ziren segurtasun indarrekin negoziatzen, soilik haien helburu politikoetarako komenigarriak ziren aukerak planteatuz. Inoiz ez zituzten onartu arriskuak gutxitze edo eragozte aldera herri segurtasunean espezialistak direnek planteatutako aukerak". Lamelak nabarmendu zuenez, epailearen aginduak betetzen ari ziren agenteak "beldurrarazi" zituzten.


Cuixart eta Sanchez, Espainiako Auzitegi Nazionalera iristen, espetxeratuak izan aurretik. / Juan Carlos Hidalgo, EFE

Hasieran Auzitegi Nazionalaren esku zegoen elkarte zibil independentisten liderren aurkako auzia, baina, hilabete pasa geroago, azaroaren 24an, Auzitegi Gorenak hartu zuen —Lamelak matxinada egotzi zien gerora—. Urriaren 16 hartan Josep Lluis Trapero mossoen maiorrak ere deklaratu zuen Lamelaren aurrean. Sedizio delitua egotzi zion, baina auzipetua izan eta gero matxinadagatik zigortua izateko arriskuan dago. Datorren urtarrilaren 20an da hastekoa haren aurkako epaiketa, Auzitegi Nazionalean.

2017ko urriaren 27a

INDEPENDENTZIA ALDARRIKAPENA PARLAMENTUAN

Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatu zuen. Espainiako Senatuak, berriz, 155. artikuluaren ezarpena onartu zuen hiru ordu laurden geroago. Beraz, Kataluniako administrazioa eta Generalitatea Madrilen esku geratu ziren. Mariano Rajoy Espainiako presidente zenak adierazi zuen Kataluniako presidentea eta kontseilariak kargugabetuta zeudela, eta hauteskundeetara ere deitu zuen.


Kataluniako agintariak 2017ko urriaren 27an independentzia aldarrikapenean. / Andreu Dalmau, EFE

Pablo Llarena auziaren instrukzio epaileak bere autoetan jaso zuenez, prozesu subiranistaren aurkako ikerketa 2012an hasi zen, Generalitateak Trantsizio Nazionalerako akordioa sinatu zuenean, eta independentismoak 2017ko urriaren 27an gauzatu zuen prozesua, independentzia aldarrikatuta. Bizpahiru egun geroago, Jose Manuel Maza fiskalburu zenak planteatu zuen "estatu kolpe bat" izan zela prozesua, Espainiako Konstituzioa "indargabetzea" eta Kataluniaren independentzia aldarrikatzea zutela helburu Junquerasek eta enparauek, eta matxinada egozteko ez dela beharrezkoa "indarkeria armatua", "setio egoera bat" baizik. Llarenak eta epaiketako fiskalek ere tesi horri eutsi zioten.

2017ko azaroaren 2a

PRESIDENTEORDEA, ESPETXERA

Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten Junquerasek, eta Jordi Turull (Presidentetza), Josep Rull (Lurralde Antolaketa), Raul Romeva (Atzerri), Joaquim Forn (Barne), Carles Mundo (Justizia), Dolors Bassa (Lan eta Gizarte Gaiak) eta Meritxell Borras (Gobernazio) kontseilariek, eta haiek kartzelatzea erabaki zuen Lamela epaileak, iritzita matxinada baterako "estrategia bat" diseinatu zutela. Ikerketapean zeuden matxinadagatik, sedizioagatik eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik, eta behin-behineko espetxealdia ezarri zien magistratuak, argudiatuta ihes egiteko eta delitua berriro egiteko arriskua zutela.


Oriol Junqueras Espainiako Auzitegi Nazionalera iristen, deklaratu eta espetxeratua izan aurretik. / Fernando Alvarado, EFE

Santi Vila Enpresa kontseilari izandakoak ere deklaratu zuen, eta kartzelatu zuen, bai, Lamelak, baina 50.000 euroko bermea jarrita. Vilak dimititu egin zuen 2017ko urriaren 26an, independentzia aldarrikapenaren bezperan, eta Lamelak horregatik bereizi zuen besteengandik. Forn eta Junqueras izan ezik, abenduaren 4an atera ziren kartzelatik Rull, Romeva, Bassa, Turull, Mundo eta Borras, behin auzia Gorenaren —Llarenaren— esku zegoenean, bakoitzak 100.000 euroko bermea ordainduta —ANCk hartu zuen bermeen ardura—. Llarenak ebatzi zuen arriskua zegoela bai presidenteordeak, bai Barne kontseilariak, baita ANCko eta Omnium Culturaleko buruek ere berriro egiteko egotzitako delitua.

2017ko azaroaren 9a

FORCADELLI ERE, MATXINADA

Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideek deklaratu zuten Auzitegi Gorenean, Pablo Llarena epailearen aurrean. Forcadell presidenteak, eta Lluis Corominasek, Joan Josep Nuetek, Ramona Barrufetek, Anna Simok, eta Lluis Guinok. Deklarazioaren ondoren, baldintzarik gabeko espetxe zigorra eskatu zuten fiskalek, baina Llarenak ez zuen eskaera guztiz aintzat hartu. Nuet izan ezik —neurrik gabe utzi zuen aske—, gainontzekoak espetxeratu egin zituen, bermea jarrita: Forcadelli 150.000 eurokoa, eta besteei, bakoitzari 25.000 eurokoa. Hurrengo egunean ordaindu zituzten bermeak, eta aske geratu ziren. Generalitateko kontseilariei bezala, Forcadelli ere matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera bidegabea egozten zioten fiskalek.


Carme Forcadell Parlamentuko presidente izandakoa, Gorenera iristen, espetxeratua izan aurretik. / Angel Diaz, EFE

Gerora, legebiltzarreko presidentea ere kontseilariekin batera epaitu zuten Auzitegi Gorenean. Mahaiko gainontzeko kideen aurkako kausa, ordea, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak hartu zuen, eta desobedientziagatik epaituak izan zain daude. Olga Arderiu Forcadellen abokatuari galdetuta ea zergatik ez dituzten Mahaiko kide guztiak batera epaitu, erantzun zuen iruditzen zaiola Forcadell besteengandik bereizi zutela, 2012 eta 2015 artean ANCko presidentea izan zelako. "Hura ordainarazi nahi diote".

2018ko martxoaren 23a

HAMAHIRU AUZIPETU, MATXINADAGATIK

Ikerketapean zeudenek berriro deklaratu zuten Llarenaren aurrean, eta magistratuak erabaki zuen horietako hamahiru erreferendumaren harira matxinadagatik auzipetzea, eta orduan kartzelan ez zeudenak ere behin-behinean espetxeratzea: Junqueras, Rull, Romeva, Turull, Rull, Bassa, Forcadell, Sanchez, Cuixart, baita erbesteratutako Puigdemont, Antoni Comin Osasun kontseilaria, Clara Ponsati Hezkuntza kontseilaria, eta Marta Rovira ERCko Idazkari Nagusia ere —egun hartan bertan jakinarazi zuen Kataluniatik kanpo zegoela—. Llarenak autoan aipatutakoak jarraitu zituzten fiskalek, gerora, epaiketan.

Bezperan, Turull Generalitateko presidente izendatzeko saioa egin zuten Kataluniako Parlamentuan, baina JxC Junts Per Catalunyako hautagaiak ez zuen nahikoa babesik lortu. Auzipetua izan ondorengo egunean, martxoaren 24an, berriro ziren inbestidurarako bigarren bozketa egitekoak, baina, osoko bilkura egin zuten arren, ez zuten bozkatu.

2018ko azaroaren 2a

FISKALTZAREN AKUSAZIO IDAZKIA

Behin-behineko akusazio idazkia plazaratu zuen Auzitegi Goreneko Fiskaltzak, eta matxinada delituari eutsi zion. 25 urteko espetxe zigorra eskatu zuen Junquerasentzat, eta hamazpikoa Forcadell, Sanchez eta Cuixartentzat. Fiskaltzarentzat, prozesuaren "buruzagiak" izan ziren, eta, gainera, "beharrezko biolentzia" erabili zuten "emaitza kriminala" ziurtatzeko. Matxinadagatik auzipetutako gainontzekoentzat hamasei urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskaltzak. Estatuko Abokatutzak ere bere akusazio idazkia aurkeztu zuen, eta sedizioa egotzi zien fiskaltzak matxinada leporatzen zien buruzagi independentistei. Espainiako Justizia Ministerioaren menpeko organoak ez zuen indarkeriaren erabileran oinarritu akusazioa. Beraz, espetxe zigor eskaerak apur bat txikiagoak izan ziren; Junquerasentzat, kasurako, hamabi urtekoa. Auzia epaiketarako data jarri zain geratu zen.


Espainiako Auzitegi Gorena, 2018ko azaroaren 2an, fiskaltzak bere akusazioak irakurri zituen egunean. / Javier Lizon, EFE

Adierazpen instituzionala egin zuen Kataluniako Parlamentuak, eta, diputatu subiranisten eta Comukoen aurrean, "errepresioaren konplize" izatea aurpegiratu zion Quim Torra Generalitateko presidenteak Pedro Sanchez Espainiako presidenteari. Sanchezek subiranistekin "zubiak eraikitzera" deitu zuen kargua hartu zuenean, hilabete batzuk lehenago, ekainean.

2019ko otsailaren 12a

EPAIKETAREN HASIERA

Kataluniako buruzagi politiko eta sozial subiranisten kontrako epaiketa hasi zen Espainiako Auzitegi Gorenean. Defentsako abokatuek salatu zuten, lehen egunean, akusatuen oinarrizko eskubideak urratu zirela prozesu guztian, eta epaiketa atzeratzeko eskatu zuten. Baina Manuel Marchena epaimahaiburuak ez zuen eskaera hori onartu, eta hurrengo egunean akusazioen —fiskalak, Estatutako Abokatutza, eta Vox herri akusazioa— txanda heldu zen. Fiskalek argudiatu zuten "soilik Espainiari" dagokiola burujabetza, eta, gainera, garaipentzat jo zuten epaiketa bera egitea.


Hamabi auzipetuak, 2019ko otsailaren 12an, Espainiako Auzitegi Goreneko akusatuen aulkian. / Emilio Naranjo, EFE

Bi egun geroago —ostegunarekin— hasi ziren akusatuak deklaratzen. Junqueras izan zen aurrenekoa hitz egiten, eta azpimarratu zuen buruzagi subiranistek egindako "ezer" ez dela delitu. Gainera, autodeterminazioa defendatu zuen, eta adierazi zuen galdeketa egin zutela katalanen "zati nabarmen bat" subiranista delako, eta Madrilek hitz egin nahi ez zuelako. Deklaratzen azkenekoak Cuixart eta Forcadell izan ziren, otsailaren 26an. Lekukoak eseri ziren, gero, epailearen aurrean.

Epaiketaren lehen egunak ikusmin handia piztu zuen. "Segurtasuna" bermatze aldera, polizia operatibo itogarria ezarri zuen Espainiako Gobernuak Gorenaren inguruan. Horrek akusatuen senideei, Kataluniako zein Euskal Herriko ordezkari politiko independentistei, kazetariei, eta herritarrei eragin zien. Gertatutakoa salatu dute alde guztiek. Otsailaren 16an epaiketaren kontrako manifestazio masiboa egin zuten Bartzelonan.

2019ko ekainaren 12a

EPAIKETAREN AMAIERA

Epaiketak iraun zuen ia lau hilabeteetan ezin izan zuten oinarrizko tesia egiaztatu, baina fiskalek bereari eutsi zioten, eta, ekainaren 4an Auzitegi Gorenean plazaratutako ondorioetan nabarmendu zuten Kataluniako prozesu subiranista "estatu kolpe bat" izan zela, eta buruzagi independentistek "konstituzioa hautsi nahi" izan zutela "indarkeria" erabiliz. Estatutako Abokatutzak ez zuen tesi hori gezurtatu, baina zehaztu zuen indarkeria ez zela "egiturazkoa" izan.

Ekainaren 12an heldu zen akusatuek azken hitza hartzeko aukera, eta ia aho batez ohartarazi zioten Goreneko epaimahaiari epaiak oinarrizko eskubideen etorkizuna baldintzatuko duela. Akusatuek adierazi zuten sentitzen zutela beren ideologiagatik izan zirela jazarriak eta epaituak, eta Espainiako Estatuari eskatu zioten bide judiziala alboratu eta elkarrizketarena ibiltzeko. Akusatuetako batzuen azken mintzaldiak hunkigarriak izan ziren; Turullenak eta Cuixartenak, kasurako. "Desadostasuna, kritika eta protesta erasoarekin eta errespetu faltarekin nahastu dute; hori mentalitate ahulen eta autoritarioen logika da", adierazi zuen, esaterako, Presidentetza kontseilari izandakoak. Omnium Culturaleko presidenteak, berriz, preso politiko izaera nabarmendu zuen: "Preso politiko bat naiz, epaiketa politiko batean. Ez dut inolako damurik. Auzi kolektibo baten aurrean gaude, eta berriz egingo nuke". Junqueras izan zen denbora gutxien behar izan zuena: haren mintzaldia ez zen lau minutura ere iritsi. Epaiketa epaiaren zain geratu zen, egun hartako 19:00ak inguru zirela.


Jendetza Bartzelonako Katalunia Plazan, epaiketaren amaiera pantaila handian ikusten. / Marta Perez, EFE

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan lau pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 22 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bi gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.107 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.056 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Lanbide arduratuko da errenta berria banatzeaz. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Iritsi da bizitzeko gutxieneko diru sarrera, muturreko pobrezia murrizteko

Irune Lasa

Espainiako Gobernuak diru saria onartu du, eta ekainean bertan hasiko da ordaintzen. Hegoaldean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko dute

Haur bat, jolas parke baten ondoan, Zarautzen. / ©Gorka Rubio, Foku

Espainiako Gobernuak eguneko udalekuak baimenduko ditu hirugarren fasean

Jon Ordoñez Garmendia

70 urtetik gorakoentzako ordutegiak desagertu egingo dira. Gehienez hogei pertsona elkartu ahal izango dira, baina ezingo da probintziatik atera oraindik.

Donostiako Zurriola hondartza, atzo. ©Gorka Rubio / FOKU.

Murgak dio ezin direla errepikatu hondartzetan ikusi diren irudiak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Jendea ez pilatzeko eta hondartzak modu «dinamikoan» erabiltzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Era berean, galdegin du aisialdirako bada ez erabiltzea garraio publikoa «jende asko dagoenean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna