Katalunia

Espainiako Hauteskunde Batzordeak ostiralera arteko epea eman dio Torrari xingola horiak erretiratzeko

Kataluniako presidentea azaroaren 18an hasiko dira epaitzen, Espainiako Hauteskunde Batzordearen aginduak ez betetzea egotzita.

Lluis Llach, Silvia Bel eta Antonio Baños, joan den ostiralean, Generalitateko jauregiaren aurrealdean iritzi eta adierazpen askatasunaren aldeko pankarta bat jartzen. EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko urriaren 2a
13:04
Entzun

Generalitataren eraikinetatik xingola horiak eta esteladak erretiratzeko agindu dio Espainiako Hauteskunde Batzordeak Quim Torra Kataluniako presidenteari. 48 ordu eman dizkio horretarako. Ostiraleko 15:00ak arteko epea. Agindua bete ezean zigor administratiboak edota penalak jar diezazkioketela ohartarazi dio.

Hauteskunde Batzordeak Ciudadanosek aurkeztutako salaketa baten harira hartu du erabakia. Batzordeak gogorarazi du auzi berari buruz hainbat ebazpen argitaratu zituela, Espainiako Gorteetarako azken hauteskunde kanpainan. "Botere publikoek neutral agertzeko duen betebeharraren urratze errepikatua da". Hori dela eta, berehalako neurriak galdegin dizkio Generalitateko presidenteari, esteladak, xingola horiak, horien esanahi antzekoa duten sinboloak, hautagai edo politikarien argazkiak, pankartak, kartelak edota "beste edozein sinbolo alderdikoi" erretiratzeko.

Horrez gain, auzitegiak galdegin dio zaindu ditzala Generalitatearen eraikinak, hauteskunde kanpainak iraun bitartean gisa horretako sinbolorik berriro agertu ez dadin.

Torrak epaiketa izango du azaroaren 18an, Kataluniako Auzitegi Nagusian, xingola horien auziarengatik. Apirilaren 28ko Espainiako bozen kanpainan, hauteskunde batzordearen agindua ez betetzea leporatzen diote. Alegia, erretiratu behar zituen sinboloak Generalitateko eraikinetatik ez kentzea.

Horrez gain, Generalitateko jauregitik espetxean diren buruzagi independentisten aldeko pankarta bat ere kentzeko agindu zion, joan den irailaren 20an, Impulso Ciudadano elkartearen salaketa bat aintzat hartuta. Torrak erantzun zuen ez zuela kenduko, eta helegitea aurkeztuko zuela auzitegiaren erabakiaren kontra. Astebete beranduago, Generalitateko langileek erretiratu zuten pankarta hori, eta beste pankarta bat jarri zuten Lluis Llach JxSiko diputatu ohiak, Silvia Bel aktoreak eta Antonio Baños CUPeko diputatu ohiak. Honela dio: "Iritzi eta adierazpen askatasuna. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 19. artikulua". Pankarta horrek berak ordezkatu zuen espetxean diren buruzagi independentisten aldekoa, apirilaren 28ko eta maiatzaren 26ko hauteskunde kanpainetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.