Ikurrak

PSNk bide eman dio Ikurren Lege berria ezartzeko Navarra Sumaren proposamenari

Eskuineko koalizioaren lege proposamenak parlamentuan aurrera egin dezan, baiezkoa eman dio alderdi sozialistak, baina ohartarazi du ez duela onartuko zigor neurririk jartzea.

Ramon Alzorriz PSNko bozeramailea. NAFARROAKO PARLAMENTUA
joxerra senar
2019ko urriaren 3a
15:02
Entzun

Aurreko legealdian, 2003ko Ikurren Legea indargabetu egin zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Orain, Navarra Sumak beste Ikurren Lege bat egiteko proposamena aurkeztu du. Gaur, parlamentuko osoko bilkuran, eztabaidagai zegoen egitasmo horrek tramitazioan aurrera egitea edo atzera botatzea , eta PSNk erabaki du aukera bat ematea.

Hain zuzen ere, Ikurren Legea kentzea kritikatu egin zuen PSNk aurreko legealdian, eta 2017ko ekainaren 3an eskuinak egindako manifestazioarekin bat egin zuen. Hori guztia gogoan, Ramon Alzorriz PSNko eledunaren arabera, lege proposamen horrek PSNren aurka egitea bilatu du. "Tokiz kanpo daude; ez dakite nola egin gure aurka", kritikatu du, eta, hori agerian uzteko, nabarmendu du Navarra Sumak ez dituela deitu legearen edukia adosteko bileratara. Proposamenari begira, Alzorrizek begi onez ikusten du sinboloen errespetua eta aitortza. "Baina lege honekin bilatzen badute zigorrak ezartzea, gure alderdia ez da zuen alboan izango", ohartarazi dio Navarra Sumari.

150.000 eurorainoko isunak

Hain zuzen ere, lege proposamenak zigor eta isunei erreparatzen die batik bat. Proposamena irailaren 4ko legebiltzarreko aldizkari ofizialean argitaratu zen, eta 24 artikulu ditu. Aurreko legea baliogabetuta, Nafarroako hiru sinbolo nagusien —bandera, armarria eta ereserkia— erabileraren araudia "berreskuratu" nahi du Navarra Sumaren proposamenak. Halaber, "sinboloen erabilera egokia bermatzeko" botere publikoek neurri administratibo eta judiazalak hartzeko baliabideak ematen dizkie.

Lege proposamenak azpimarra berezia egiten die zigor neurriei. Izan ere, akzioz edo omisioz, legearen betebeharrak  betetzen ez dituztenentzako zigorrak jasotzen ditu. Zigor arinen kasuan, 2.000 eurorainoko isunak jasotzen ditu; larrien kasuan, 10.000 eurorainokoak, eta oso larrien kasuan, 150.000 eurorainokoak. Arau-hauste arina ezarriko litzateke sinbolo ofiziala "modu laidogarrian" erabilia bada, edo alderdi, sindikatu edo elkarte baten sinbolo gisa.

Proposamenaren arabera, arau-hauste larria izango da baldin eta "zerbitzu publikoetarako erabiltzen diren eraikin eta egoitzetan Nafarroako banderaren ondoan aldi berean beste edozein bandera jartzen bada". Ildo beretik, Navarra Sumaren proposamenaren arabera, arau-hauste oso larria litzateke erakunde publiko batek legean jasota ez dagoen ikur bat "identifikazio bide gisa erabiltzea".

Navarra Sumaren kritika PSNri

Proposamenaren edukia babesteko orduan, Navarra Sumako Javier Esparzak defenditu du ez dagoela arrazoirik proposamen hori ez babesteko, "baldin eta euskal nazionalismoari amore eman nahi ez bazaio". Argudioei erreparatuta, Esparzaren keinuak une oro PSNrengana zuzendu dira. Haren esanetan, proposamenaren helburua ez da konfrontazioa sortzea. "Demokratikoki pentsatzen duguna defendatu besterik ez dugu nahi". 

Esparzaren irudiko, aurreko gobernuak eta hura babesten zuten alderdiek gauzak "erraztu" nahi izan zizkioten ikurrinari, "foru erkidegoko udaletxe guztietan ezar zedin". Esparzak gogorarazi du orduan UPNk, PSNk eta PPk kritikatu zutela neurri hura. "Orain, errealitatea bestelakoa da. Nafarroan mundu guztiak pentsatzen du PSNk, gobernua lortzearen truke, bere burua saldu diola euskal nazionalismoari".

Navarra Sumaren aurkako kritikak

Beste alderdiek ez diote aukera txikiena utzi nahi izan Navarra Sumari, baina ,PSNren baiezkoari esker, tramitazioan aurrera egin du proposamenak. Koldo Martinez Geroa Baiko parlamentariak 2003ko legearen indargabetzea defenditu du "bazterketaren eta beste sinboloak erabiltzeako debekuaren bideak ez zuelako ezer konpontzen". Martinezen irudiko, Nafarroko ikurrak errespetatu egiten dira, eta erakunde guztietan presente daude.

EH Blduren arabera, "barregarria" da PSNren jarrera. "PSN nagusi den gobernuak lege proposamen honen aurkako jarrera adierazi du, eta, harrigarriki, PSN bere irizpidearen kontra doa". Ironiaz mintzatu zaio Ramon Alzorrizi: "Eskuin espainiarraren atzetik joanda hari min egiten ari zaretela uste baduzue, aurrera, jo iezaguzue min gehien egiten digun tokian".

Ahal Dugu-k eta Ezkerrak uste dute Ikurren Legea ez dela beharrezkoa. "Ez dugu behar sinboloetan berretsi eta desberdin sentitzen dena jazarri", aipatu du Mikel Builek, Ahal Dugu-ko parlamentariak. Marisa de Simonen arabera, Nafarroako armarria eta bandera hor daude. "Beste autonomia erkidegoetako legeak ez dute inongo zigor erregimenik ezartzen".

Aipatu bezala, proposamen horrek azpimarra berezia egiten die zigorrei.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.