Euskara

Iraitz Lazkano izendatu dute Uemako lehendakari

Elgetako alkateak adierazi du "jauzi kualitatiboa egiteko eta urrats sendoak egiteko agintaldia" izan behar duela hurrengo lau urteetakoak.

Iraitz Lazkano Uemako lehendakari berria.
Iraitz Lazkano Uemako lehendakari berria. Uema

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko urriak 5

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak zuzendaritza berria aukeratu du Getarian (Gipuzkoa) egin duen batzar orokorrean. Iraitz Lazkano Elgetako (Gipuzkoa) alkatea aukeratu dute elkarteko lehendakari, 2019-2023ko aldirako. Presidenteorde kargua Aritz Abaro Bermeoko alkateak hartu du. Lazkano eta Abaroarekin batera, beste bederatzi kidek osatuko dute zuzendaritza taldea.

Odorengoa izango da osaketa: Iraitz Lazkano (Elgetako alkatea. EH Bildu), Aritz Abaroa (Bermeoko alkatea. EAJ), Lierni Altuna (Aramaioko alkatea. EH Bildu), Jone Ansotegi (Aulestiko alkatea. EH Bildu), Xabier Balerdi (Tolosako zinegotzia. EAJ), Aitor Elexpuru (Berako alkatea. EH Bildu), Illart Gumuzio (Igorreko alkatea. EH Bildu), Beatriz Muro (Aresoko zinegotzia. Independentea), Nerea Odriozola (Zestoako zinegotzia. EH Bildu), Joseba Palenzuela (Mutrikuko alkatea. EH Bildu) eta Irune Urbieta (Zarauzko zinegotzia. EAJ).

Kargua hartu berri, Lazkanok adierazi du abiatua den agintaldiak "jauzi kualitatiboa egiteko eta urrats sendoak egiteko" aldia izan behar duela. "Horretarako, ausardia, adostasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira", nabarmendu du. "Elkarlana alderdien artean, noski. Baina baita erakunde publikoen, herritarren eta euskalgintzaren artean ere".

Udalerri euskaldunen eremua zabaltzea eta euskararen arnasguneak sendotzea izango da agintaldi berriko erronketako bat. Era berean, datozen hilabeteotan Uemara sartzeko asmoa agertu dute hainbat udalek. Egun, 86 udalerri dira Uemako kide, eta guztien artean 245.000 biztanle inguruko eremu euskalduna osatzen dute.

Lazkanok garrantzia aitortu dio udalerri euskaldunen garapenerako herri txikiek egin dezaketen ekarpenari. "Uemak udalerri euskaldunen garapenaren inguruko hausnarketa sakona egin du urte hauetan, beste hainbat eragilerekin batera. Udalerri euskaldunei bizirik eusteko ezinbestekoa da udalerri euskaldunak garatzea, eta herri txikiek lurralde garapenean duten egitekoa eta garrantzia oso kontuan hartzea. Lehen egunetik aipatu nahiko nuke ildo honetan ere bidea egiteko beharra, herri txikien izaerari eusteko eta euskarari arnasa ematen segitzeko".

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna