NOBEL SARIAK

Willian G. Kaelinek, Gregg L. Semenzak eta Peter J. Ratcliffek jaso dute Medikuntzako Nobel saria

Gaur ekin diote 2019ko Nobel sariak banatzeari, eta, aurrenekoan, medikuntza molekularreko ikerketa bat saritu dute. Datorren astelehenera bitarte, fisikaren, kimikaren, literaturaren, bakearen eta ekonomiaren sariak emango ditu Suediako Zientziaren Errege Akademiak.

Medikuntzako Nobel sariaren irabazleak jakinarazi dituzten unea. PONTUS LUNDAHI, EFE
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko urriaren 7a
20:24
Entzun

Stockholmeko Karonlinska insitutuak jakinarazi duenez, hiru zientzialarik jaso dute 2019ko Medikuntzako Nobel saria. William G. Kaelin eta Gregg L. Semenza estatubatuarrei, eta Peter J. Ratcliff britainiarrari eman diete aurtengo sari sortaren aurrenekoa. 1901. urtean hasi zen Suediako instituzioa Nobel sariak banatzen, eta maiz gertatzen den eran, norbanakoak ez ezik taldeko proiektuak ere saritzen dituzte. Kasu honetan, medikuntza molekularraren alorrean egindako lanagatik jaso du hirukoteak Medikuntzako Nobel saria.

Egindako lanean, ikerlariek oinarriak finkatu dituzte oxigenoak zelulen metabolismoan eta funtzio fisiologikoa duen eragina zehazteko. Horrela, aukera zabaldu dute anemia, minbizia eta beste gaitz batzuk artatzeko bide berriak jorratzeko. Karolinska institutuak ohartarazi du oxigenoak zelulen funtzionamenduan nola eragiten duen azaleratzea izan dela ikerketaren muina. Kaelin onkologia sailean espezializatu da, eta Semenza, berriz, nefrologian. Pediatriaren alorrean aritzen da Ratcliffe.

Datozen egunetan jakinaraziko dituzte gainerako ataletako irabazleak. Bihar zabalduko da Fisikako Nobel sariaren irabazlearen izena; etzi, kimikari dagokiona; ostegunean, literaturaren txanda izango da, eta ostiralean, bakearen sariarena. Gaur zortzi banatuko dute azkena, ekonomiarena. Aldaketa nabarmenena Literaturaren atalean nabariko da, ezohiko eran bi sari emango dituzte eta. 1950. urtean eman zuen sari bikoitza Suediako Akademiak azkenekoz; William Faulknerri 1949. urteari zegokiona, eta Bertrand Ruselli 1950. urteari zegokiona. Iaz ez zuten Literatura Nobel saririk banatu, eta, barne hausnarketa sakona egin ondotik, aurten 2018koa eta 2019koa batera banatzea erabaki dute. 2017ko azaroan, Jean-Claude Arnault artista frantsesa salatu zuten hamazortzi emakumek, sexu erasoak zirela eta. Arnaultek lotura estua du Suediako Akademiarekin, eta horregatik erabaki zuen instituzioak sari banaketa bertan behera uztea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.