Kataluniako epaiketaren epaia

Irrati bat, oinetako erosoak, janaria eta ura, mobilizaziorako

Aste honetan edo hurrengoan aterako da Kataluniako buruzagi independentisten kontrako epaiketaren epaia, eta eragileak antolatzen ari dira erantzuteko.

CDRetako kide bat, Espainiako polizia baten aurrean, protesta batean pasa den astean. ALEJANDRO GARCIA, EFE
jon ordonez garmendia
2019ko urriaren 8a
09:12
Entzun

Tsunami Demokratikoa du izena, eta azken orduetan handitzen ari da olatua. Telegramen geroz eta harpide gehiago dituen kanal horrek gida labur bat egin du Kataluniako erreferendumaren auziko epaiketa ateratzen denerako. Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia aste honen amaieran edo datorrenaren hasieran aterako da, eta eragile guztiak ari dira prestatzen horri erantzuteko. Honela dio gidak:

"Zer eraman behar duzu?

Irrati bat, oinetako erosoak eta eguna etxetik kanpo pasatzeko janaria eta ura.

Bartzelonatik kanpo bizi zara?

Presta zaitez autoa edo garraio publikoa hartzeko. Azkar mugitu beharko duzu.

Zer egin dezaket epaia ateratzen den bitartean?

Azaldu zure ingurukoei Tsunami Demokratikoa epaiari erantzuteko erantzun masibo eta bateratua antolatzen ari dela".

Ez dira horiek bakarrik, Ernic Homsek gaur jakinarazi duenez, defentsek —Forn, Turull eta Rullen abokatu da auzi honetan— prest baitute helegite bat Gorenak auzipetuen aurkako epaia ateratzen badu aurkezteko. "Gure aurkakoa bada, auzia ez da hemen amaituko", esan du, eta esan du bide judizialean azkeneraino joateko asmoa.

Intersindical-CSC sindikatuak ere astebetez atzeratu du ostiral honetarako deitua zuen greba deialdia. Gaur joan dira sindikatuko ordezkariak Kataluniako Lan Departamentura deialdia aldatzera, eta, hango iturriek jakinarazi dutenez, epaia jakinaraziko duten egunarekin du zerikusia aldaketak. Greba egiteko arrazoien artean arlo ekonomikoari eta sozialari dagozkionak daude, lan erreforma indargabetzea eta 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea Katalunian, baina, eguna aldatuta, bat egin dezake epaia jakin ondoren artikula daitekeen erantzunarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.