Enpresak

"CAF Palestinaren aurkako politiken alderdi aktibo eta protagonista izango da"

Langile batzordeak salatu du Jerusalemgo tranbia berria eraikitzean CAFek ezingo duela bermatu langileen segurtasuna: "CAFeko langileek gatazka eremu batera joan beharko dute lanera".

Jerusalemgo tranbia.
Jerusalemgo tranbia. CLAUDE VILLETANEUSE / EFE

Xabier Martin -

2019ko urriak 8

Abuztuan jakin zen Beasaingo CAF konpainia aukeratu dutela Jerusalem hirian tranbia berria eraikitzeko, Israelgo Saphir eraikuntza enpresarekin batera. Enpresen partzuergo hori arduratuko da ibilgailuak fabrikatzeaz ez ezik baita azpiegitura guztiaz ere. CAF arduratuko da tranbia berriak hornitzeaz nahiz beste linea batzuetan lehendik daudenak birgaitzeaz. Horrez gain, seinalizazio eta energia sistemak banatzeaz eta trenen mantentze lanaz ere arduratuko da. Bada, CAFeko langile batzordeak aho batez onartu du Israelgo estatuak bultzatu duen proiektu horren aurka idatzi argi bat, eta enpresa zuzendaritzari igorri dio, berriro proiektua bertan behera utz dezala eskatuz. Izan ere, batzordearen arabera, "CAF ez da izango trenbide sistema huts baten hornitzailea bakarrik; Palestinako herriaren aurkako politiken alderdi aktibo eta protagonista ere izango da".

Batzordeak berak azaldu du proiektuaren berezitasuna dela azpiegitura hori "Palestinako lurretan legez kanpo eraikita dauden Israelgo kokaguneak lotzeko" erabiliko dela.  "Agintariek okupazio hori legezkotu eta iraunkortu  nahi dute, biztanleei azpiegitura eta garraiobide normalizatuak egokituta". Langileen ordezkari sindikalek gogoratu dute NBE Nazio Batuen Erakundeak legez kanpokotzat hartzen dituela Jerusalem Ekialdeko lurretako okupazioak; "hala, indar okupatzaileak ezarritako lan hori ere legez kontrakoa da nazioarteko zuzenbideari dagokionez".

CAFeko presidente Andres Arizkorretak, ordea, berriki azaldu du egoeraren "azterketa etikoa eta legezkoa" egin duela enpresak, eta azterketa horrek "berretsi" egin duela "CAF nazioarteko legeekin eta giza eskubideen oinarriekin betetzen ari dela". Arizkorretak erantsi du enpresa ez dela sartuko "politika edota ideologia mailako balorazioetan".

Otsaileko eskaera

Ez da lehenengo aldia CAFeko langile batzordeak Israelgo proiektuaren arriskuaz ohartarazten duela. Joan den otsailean, Zuzendaritzari eskatu zion atzera egin zezala eta lehiaketa horri uko egin ziezaiola, eta Palestina Askatzeko Erakundeak esker ona azaldu zien langileei. "Zuen ekintza eta ahalegina eredu da langile europar askorentzat, eta haiek ere zuek erakutsi duzuen duintasun, irmotasun eta etika maila bera izatea espero dugu", adierazi zuen Saeb Erekat PAEko idazkariak. Baina CAFeko zuzendaritzak, "nazioarteko legediari ere aurka eginez, negozioa egitea erabaki du". Eta negozio horrek ondorio larriak eragin ditzakeela uste du batzordeak: "Inork ezingo du CAFeko langileen segurtasuna bermatu obran bertan lan egin behar izanez gero. CAFeko langileek gatazka eremu batera joan beharko dute lanera; beraz, CAFeko zuzendaritzak bere langileak jartzen ditu arazoaren erdigunean".

"Ekar litzakeen ondorioak eta CAFeko etorkizuna aintzat hartuta", batzordeak otsaileko eskaera berritu du irmotasunez: "Obra horretan parte ez hartzeko oraindik garaiz gaudela uste dugu. Berriz ere eskatzen diogu zuzendaritzari ez dezala parte har Jerusalemgo tranbiaren linea berriaren proiektuan".

Europako enpresarik garrantzitsuenak atera egin ziren proiektu horretatik lizitazioa eman aurretik, hala nola Alstom, Siemens eta Systra (Frantziako SNCFen adarra), Kanadako Bombardier eta Australiako Mcquarie ere. Boikotaren ondorioz, azkenean bi talde soilik geratu ziren enkantean: bata, CAFena, eta bestea, enpresa hauek osatutakoa: Shikun & Binui eta Egged (Israel), CRRC (Txina), Comsa (Espainia), Efatec (Portugal) eta MPK (Polonia). Palestinako agintaritza Espainiako Gobernuarekin harremanetan jarri dela zabaldu da azken egunetan, Madrilek esku har dezan, eta hark CAFi eskatzeko obra horretan parte hartzeari uko egin diezaiola.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna