Kontzertua

Oteizaren eta Gandiagaren omenez, kontzertu berezia egingo du Oskarbi taldeak, Arantzazun

Urriaren 12an egingo dute, Gandiaga Topaguneko areto nagusian, 18:00etan.

Oskarbi taldea, duela bi urteko argazki batean.
Oskarbi taldea, duela bi urteko argazki batean. Mikel Lizarralde

Berria -

2019ko urriak 8

Oteizaren hutsunetik, Gandiagaren hitzetara tituludun kontzertua doakoa izango da, baina joan aurretik zena eman behar da tokia izango dela bermatzeko. 943-71 65 75 telefono zenbakira deitzeko edo info@arantzazugandiaga.com helbide elektronikora idazteko eskatu dute.

Jorge Oteizak Arantzazuko proiektua amaitu zueneko 50. urteurrena da, eta haren karietara egiten ari diren ekitaldi sortako bat izango da Oskarbi taldearen kontzertua. Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 izenburupean osatu dute egitaraua Jorge Oteiza fundazioa museoak, Arantzazu Gaur fundazioak eta Arantzazuko Frantziskotarrek.

Izan ere, Oskarbi taldeak lotura estua izan zuen Bitoriano Gandiaga idazlearekin eta Jorge Oteiza eskultorearekin. Oteizarekiko harremana Luis Romero Eskamendi taldekideak abiatu zuen. Haren fruitu, Oteizak berak eginak dira, besteak beste, taldearen ikurra eta lehen disko txikiaren azala (1969). Gandiagari dagokionez, berriz, haren poemak musikatu izan dituzte. Harreman horiek gogoan hartuta prestatu dute kontzerturako kantu zerrenda.

Herri kantutegia eta musika harmonikoa oinarri hartuta, 60ko hamarkadatik aurrera bide berriak urratu zituen Gipuzkoako Oskarbi taldeak, jazza, gospela eta doinu berritzaileak euskal tradizioarekin uztartuz. Koldo Romero Eskamendik zuzendurik, taldeak Ez Dok Amairun parte hartu zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna