Oteizaren hutsunetik, Gandiagaren hitzetara tituludun kontzertua doakoa izango da, baina joan aurretik zena eman behar da tokia izango dela bermatzeko. 943-71 65 75 telefono zenbakira deitzeko edo [email protected] helbide elektronikora idazteko eskatu dute.
Jorge Oteizak Arantzazuko proiektua amaitu zueneko 50. urteurrena da, eta haren karietara egiten ari diren ekitaldi sortako bat izango da Oskarbi taldearen kontzertua. Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 izenburupean osatu dute egitaraua Jorge Oteiza fundazioa museoak, Arantzazu Gaur fundazioak eta Arantzazuko Frantziskotarrek.
Izan ere, Oskarbi taldeak lotura estua izan zuen Bitoriano Gandiaga idazlearekin eta Jorge Oteiza eskultorearekin. Oteizarekiko harremana Luis Romero Eskamendi taldekideak abiatu zuen. Haren fruitu, Oteizak berak eginak dira, besteak beste, taldearen ikurra eta lehen disko txikiaren azala (1969). Gandiagari dagokionez, berriz, haren poemak musikatu izan dituzte. Harreman horiek gogoan hartuta prestatu dute kontzerturako kantu zerrenda.
Herri kantutegia eta musika harmonikoa oinarri hartuta, 60ko hamarkadatik aurrera bide berriak urratu zituen Gipuzkoako Oskarbi taldeak, jazza, gospela eta doinu berritzaileak euskal tradizioarekin uztartuz. Koldo Romero Eskamendik zuzendurik, taldeak Ez Dok Amairun parte hartu zuen.