NOBEL SARIAK

Litio ioizko baterien garapena ikertu dutenen lana saritu du Kimikako Nobelak

John B. Gooenough, Stanley Whittingham eta Akira Yoshino dira aurtengo Kimikako Nobel sariaren irabazleak. Litio ioizko baterien garapena dute jardungai hirurek.

Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko urriaren 9a
13:41
Entzun

Hirugarren hirukotea; Medikuntza, Fisika eta, orain, Kimika. Gaur ere hiru gizonezko ikerlari saritu ditu Zientzien Suediako Errege Akademiak. John B. Goodenoug alemaniarrak, Stanley Whittingham britaniarrak eta Akira Yoshino japoniarrak lortu dute 2019ko Kimikako Nobel saria. Litio ioizko baterien garapenean oinarritu dituzte hirurek euren lanak, bakoitza bere txokotik. Izan ere, egungo gailu elektroniko gehienek litio ioizko bateria bidez aritzen dira: sakelako telefonoak, ordenagailuak edota auto elektrikoak. "Iraultza teknologiko" horren aitzindari izatea baloratu du akademiak: "Erregai fosilik gabeko gizarte haririk gabekoaren oinarriak ezarri zituzten".

Iragan mendeko 70eko hamarkadan Whittinganek litiozko lehenengo bateria erabilgarria ontzea lortu zuen. Goodenoughek produktuaren prototipoa hobetu, eta bateria ereduaren potentzia bikoiztea lortu zuen. Eta, azkenik, Yoshinok hark hasitako bidea borobiltzeko urratsa egin zuen; litio soila ioizko litioarekin ordeztu zuen. Hobekuntza horri esker, bateria praktikan erabilgarri bihurtu zen, ioizko litioa seguruagoa baita.

Gai orokorren ekarpen konkretuak

Astelehenean abiatu zen garaikurren banaketa, eta, dagoeneko, bederatzi ikerlari saritu dituzte. Kasu guztietan, hiru sari banatu dituzte alor bakoitzean; izan ere, gai orokorren inguruan zientzialari ezberdinek egindako ekarpen zehatzak izan ditu irizpide epaimahaiak. Zelulen funtzionamenduan oxigenoak zer-nolako eragina duen zehazteko azterketak egin dituzte William G. Kaelin, Gregg L. Semenza eta Peter J. Ratcliffe medikuek; Medikuntzako Nobel saria bereganatu zuten herenegun. Atzo, berriz, fisikaren alorrean astrofisikak piztu zuen akademiaren arreta: James Peeble, Michel Mayor eta Didier Queloz saritu zituen Suediako instituzioak. Peebles aditua da unibertsoaren ulerkera modernoaren oinarriak ezartzeko ikerketa teorikoan; eta Mayor eta Queloz, berriz, eguzki sistematik kanpo planeta bat aurkitzen lehenengoak izan ziren.

Bihar banatuko dute Literaturari dagokion garaikurra, eta, ezohiko eran, sariketa bikoitza izango da. Ostiralean Bakeak hartuko du lekukoa, eta 2019ko Nobel sarien sorta Ekonomiakoarekin amaituko da datorren astelehenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.