Euskaltel

EH Bildu: "Iragarritako kronika baten amaiera da"

Maddalen Iriartek gogoratu du Euskaltelen zuntz sarea diru publikoz pagatu zela, eta "arduragabe" jo du Jaurlaritzak izan duen jarrera sarearen balizko salmenta dela eta

Jose Miguel Garcia Euskaltel konpainiako kontseilari ordezkaria.
Jose Miguel Garcia Euskaltel konpainiako kontseilari ordezkaria. EUSKALTEL

Xabier Martin -

2019ko urriak 9

Euskaltelen administrazio kontseiluari zuntz sarea saltzea proposatu ahal dio aurki Zegonak, enpresaren kontrola duen funts atzerritarrak, baina albiste horrek ez du ezustean harrapatu EH Bildu, Maddalen Iriarte koalizioaren bozeramaileak esan duenez. Salmenta hori "iragarritako kronika baten amaiera" izango litzateke, harentzat. Iriartek gogoratu du sarea "diru publikoz" pagatu zela, Euskaltel enpresa publikoa zen garaian. Patxi Lopezen Jaurlaritzak saldu zion sarea Euskalteli, hura EAEko ikur bat zenean, oso prezio merkean saldu ere.

Orain, Euskaltelen zorra eta hedatze prozesua finantzatzeko bide erraza ikusi du Zegonak, konpainiaren akzioa igoarazteko tresna. "Behin eta berriro diote kudeatzen erregeak direla", esan du Maddalen Iriartek EAJri erreparatuz, ETB1 katean egindako elkarrizketa batean. "Arduragabekeria handiarekin aritu dira, herrialde gisa oso garrantzitsua baita zuntz optikoaren sare bat edukitzea".

Ainhoaren diruarekin

EH Bilduko bozeramailea Legebiltzarrean onartu du "Zegonaren erabakia" litzatekeela sarea saltzea, baina gobernuaren jarrera "arduragabea" iruditu zaio. "Zuntz optiko hori diru publikoz ordaindu zen, zure diruarekin, nirearekin, Ainhoarenarekin eta Jonenarekin, alegia, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiritar guztien diruz".

Koalizioko ordezkariak esan du "iragarri zitekeen moduan", Zegona egiten ari dela "egitera etorri dena". "Ez dut gustuko esatea esan genuen, baina esan genuen hau gertatuko zela, Zegona ez zetorrela herrialde honek dituen beharrei aurre egitera, bere negozioa egitera zetorrela baizik, bere funtsak kudeatzera".

Hala eta guztiz ere, Iriartek uste du Eusko Jaurlaritza eta Kutxabank —Euskaltelen erreferentziazko beste akzioduna— "garaiz daudela zerbait egiteko".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna