Artea

Bilboko Arte Ederren Museoko zuloak osatzen

Aurten erositako eta azken bi urteetan dohaintzan jasotako piezak aurkeztu ditu Bilboko Arte Ederren Museoak, eta diru sail espezifikoa sortu dute emakumezko artisten lanak erosteko

Bilboko Arte Ederren museoko kideak Adolfo Guiard artistaren 'Bakioko baserritarra' lanari begira
Bilboko Arte Ederren museoko kideak Adolfo Guiard artistaren 'Bakioko baserritarra' lanari begira Luis Jauregialtzo/Foku

Iñigo Astiz -

2019ko urriak 9

Bi hutsune historiko daramatza Bilboko Arte Ederren Museoak aspaldi arrastan. Batetik, lau urte eman ditu bildumarako artelanak erosteko diru sailik gabe, eta, bestetik, nabarmena da emakumezko artisten lanekiko izan duen arreta falta ere. Bi zulo horiek betetzen joateko borondatea azaldu nahi izan du orain Miguel Zugaza museoko zuzendariak. Besteak beste, Adolfo Guiarden, Paul Gauguinen eta Nikolas Lekuonaren hainbat artelan erosteko baliatu dute Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak 2019rako bideratutako 300.000 euroko poltsa, eta, horrekin batera, hiru milioi euroan baloratutako lan sorta garrantzitsu bat ere jaso dute dohaintzan azken bi urteetan. Baina, aldi berean, emakumezko artisten lanak erosteko ildo espezifiko bat ere jarri dute abian, eta, besteak beste, Isabel Bakedano, Elena Mendizabal eta Miren Arenzanaren obrak erosi dituzte hari esker. «Probetxua atera diogu», laburbildu du Zugazak.

Datuak badaude. Adibidez, 72 bakarkako erakusketa antolatu ditu museoak 1997tik gaur arte, eta haietako bi bakarrik izan dira emakumezko artistei eskainitakoak. Eta antzera bilduman ere, gutxiengo nabarmena baitira andrazkoek sortutako lanak erakundearen funtsetan. Kexa bat baino gehiago izan da sektorean arrazoi horregatik urteotan, eta zuzendari kargua hartu zuenetik azaldu zuen Zugazak egoera konpontzeko neurriak hartzeko asmoa. Horretarako sortu zuten Emak programa, eta horregatik sartu zuten museoaren plan estrategikoan. Aurkeztu berri dituzten emakumezko artisten obren erosketa izan da proiektu horren lehen ekintza publiko eta egiaztagarria. «Plan estrategikoaren bidez, geure buruari jarri diogun betebeharra da Emak programa, genero ikuspegia bilduman eta museoan txertatzeko», azaldu du Zugazak.
Eta hala eskuratu dituzte Nadia Barkate, Idoia Monton, eta Gema Intxaustiren lanak museora.

Inpresionismoa arte ote den
Guiardek 1888an margotutako Bakioko baserritarra koadroa da bildumarako erosi duten lan esanguratsuenetariko bat. «Oso garrantzitsua» da pieza XIX. mendeko artearen historian Javier Novo Bilduma Sailaren buruaren hitzetan. Parisen egon berri zen artista koadroa margotu aurrean, eta handik bueltan, Bakioko nekazari giroan topatu zuen inpresionistei ikasitako teknikak baliatzeko aitzakia: nekazari edadetu bat, zuhaitz baten gerizpetako argi-itzaletan.

«Polemika piztu zuen artelanak», azaldu du Novok. Inpresionismoa artetzat zeukatenen eta ez zeukatenen artean sortu zen eztabaida, lana Bilbon erakutsi zutenean, eta Guiard bera izan zen aldekoen artean nabarmendu zirenetariko bat. 170.000 euro ordaindu ditu museoak lan horren truke, baina hainbat txandatan pagatzeko tratua egin dute saltzailearekin, eta horrela lortu dute museoaren erosketetarako diru sail erdia pieza bakar batean ez joatea.

Paul Gauguin artistaren neurri txikiko grabatu bat da beste erosketa garrantzitsuetako bat. Stephane Mallarme poetari egindako 1891ko erretratu bat da pieza, 18 zentimetro luze, 14 zentimetro zabal, eta «harribitxitxo bat», halere, Miriam Alzuri Erakusketa Saileko teknikariaren hitzetan. Izan ere, gutxi dira Gauguinek egindako grabatuak. Hain gutxi, ezen kasu honetan ere Leon Fauche margolari eta grabatzaileak utzi behar izan baitzizkion akuafortea egiteko beharrezko materialak, eta Eugene Carriererengandik jaso baitzituen artelana osatzeko aholku teknikoak.

Sasoi oparoagoen zain
Museoak Jose Ramon Anda artistari erosi dion lanak eman dezake erakundeak urteotan izan dituen aurrekontu gorabeheren berri. 2012an bakarkako erakusketa antolatu zioten sortzaileari eta haren lan bat erosteko borondatea ere agertu zuten hasieratik. Erakusketa bukatu zenean, ordea, diru nahikorik ez zegoenez, museoan utzi zuen artistak Sartu ahal baduzu eskultura, sasoi oparoagoak helduko zain. Orain arte. Aurten bilakatu baita pieza museoaren bildumaren parte.

Aurrez ere bazituzten Nikolas Lekuonaren lanak bilduman, baina margolanak ziren guztiak. Horregatik, artistaren bi fotomuntaketa erosi dituzte orain, eta dohaintzan jaso dituzte sortzaileak arrebari egindako erretratua eta haren objektu pertsonal sorta bat ere.

Babes filantropikoa

Eta antzera gertatu da beste erosketa askorekin ere. «Egin ditugun erosketak beste lan batzuk dohaintzan utziz osatzen laguntzeko eskatu diegu artistei», azaldu du Zugazak. Eta luzea da proposamena onartu duten sortzaileen zerrenda. Besteak beste, Richar Serra, Pablo Gargallo, Eduardo Arroyo, Miren Arenzana, Pablo Milikua, Gema Intxausti, Remigio Mendiburu eta beste hamaika sortzaileren piezak jaso ditu erakundeak bi urteotan, eta esker ona azaldu du musoeko zuzendariak horregatik. 176 lan izan dira, guztira. «Azkenaldian jaso dugun babes filantropikorik garrantzitsuena da».

Hemendik aurrera bilduma handitzen jarraitzea da zuzendariaren asmoa, eta aurrekontu «egonkor» bat edukiko dutela espero du. «Konfiantza dugu».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Iruñeko Erruki Etxea Nafarroako zahar etxe handiena da eta han pandemiak eragin handia izan du ©Iñigo Uriz

Zahar etxeen tamaina eta kokagunea faktore erabakigarriak izan dira COVID-19aren eraginean

Berria

Nafarroako Gizarte Errealitatearen Behatokiak lurraldeko 74 zahar etxeetan eta 14 menpekotasun zentroetan pandemiaren olatuak izandako ondorioak ikuskatu ditu txosten batean, eta hainbat gomendio eman dizkio gobernuari.

Erizain bat, PCR proba bat egiten. ©SALAS / EFE

Bigarren fasera itzultzea aztertzen ari dira Azkoienen

Ion Orzaiz

Azken lau egunetan ehundik gora positibo atzeman dituzte herrian, eta "ezohiko neurriak" ezarriko dituztela iragarri du alkateak

Familia batzuk kanpoaldetik egoiliarrak bisitatzen, Mutiloako zahar etxe batean. ©Jagoba Manterola, FOKU

Zahar etxeetako bisitak eta egoiliarren ateraldiak, malguago

Uxue Rey Gorraiz

Zaharren egoitzetarako protokolo berria onartu du Jaurlaritzak. Zabaldu eginen dira zahar etxeetara bisitak egiteko aukerak, eta egoiliarrek malgutasun handiagoa izanen dute ateraldiak egiteko. Osasun sailburuak azaldu duenez, “ikuspegi epidemiologikoa eta etikoa” hartu dira kontuan neurriak berrikusteko.

PCR probak, Donostia ospitalean. ©Idoia Zabaleta, FOKU

Ospitaleratzeek gora egin dute azken egunean

Uxue Rey Gorraiz

Beste 662 koronabirus kasu detektatu dituzte azken egunean Hegoaldean, eta 47 lagun ospitaleratu dituzte, aurreko egunean baino hamahiru gehiago. Bost pertsona hil dira, Nafarroan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna