Alemania

Bi lagun hil dira Alemanian sinagoga baten kontrako erasoan

Erasoa Halle hirian gertatu da. Erasotzaileek ez dute lortu sinagogan sartzea, eta jatetxe turkiar baten kontra egin dute. Poliziak gizonezko bat atxilotu du.

2019ko urriaren 9a
18:52
Entzun

Oraindik argitu gabe dago Alemaniako Halle hirian gertatu den erasoa zein izaeratakoa izan den, baina, momentuz, Alemaniako Fiskaltza Federalak hartu du hura ikertzeko ardura. Fiskaltza horrek du delitu terroristak ikertzeko eskumena. Lehen informazioen arabera, sinagoga baten inguruan gertatu da erasoa, eta janari turkiarra eskaintzen duten lokal batera hedatu da ondoren. Lokal horretan bi lagun hil dituzte tiroz.

Poliziak ez du argi zenbat erasotzailek parte hartu duten tiroketan. Hasieran erasotzaile bakar bat izan dela uste zuen arren, hainbat izan direla uste du orain. Horietako bat, militarrez jantzita eta kasko batekin burua estalita zuela jaitsi da auto batetik, eta tiroka hasi da jatetxe turkiarrean zegoen jendearen aurka. Gizonezko bat hil du lokalean bertan, eta emakume bat kalean, 300 metrotara dagoen sinagogaren alboko hilerriaren ondoan.

Aurretik, sinagogara sartzen ahalegindu da erasotzaileetako bat, baina ez du halakorik lortu. Une horretan, 60-70 lagun inguru zeuden tenpluaren barruan, juduek Yom Kipur egun santua ospatu dutelako gaur. Hori dela eta, segurtasun neurri bereziak zeuden sinagogan.

Poliziak gizonezko bat atxilotu du erasoarekin lotuta, baina erasotzaile gehiago izan direla uste du. Der Spiegel astekariaren arabera, bi izan dira erasotzaileak. Bietako batek taxi bat hartu du erasoaren ondoren, eta poliziak atzeman du. Besteak, ordea, beste auto batean ihes egitea lortu du, Leipzigerako norabidean.

Polizia ikertzen ari da Halleko tiroketak zerikusirik ote duen handik gutxira Landsberg herrian gertatu denarekin. Landsberg Halletik 15 kilometrotara dago. Saxonia-Anhalt eta Saxonia landerretako sinagogetan segurtasun neurriak indartu dituzte. Poliziak herritarrei gomendatu die beren etxeetan gelditzeko, gertatutakoa argitu artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.