ERREFUXIATUAK

'Aita Mari' ontziak itsasoratzeko baimena jaso du

Pasaian geldirik egin ditu asteak, Espainiako Gobernuak baimena noiz emango. Okerrik ezean, datorren asteazkenean abiatuko dira. Laguntza humanitarioa emateko onespena jaso dute.

Asteak daramatza ontziak Pasaiako portuan. GORKA RUBIO, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko urriaren 10a
11:00
Entzun

Itsasoratzeko moduan da Aita Mari erreskateontzia. Falta zuen baimena eman dio Espainiako Gobernuak, eta datorren astean bertan aterako dira itsasora, Euskal Herriko Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak BERRIAri baieztatu dionez. Asteazkenean abiatuko dira.

Uztail hasieratik, Pasaiako portuan dago ontzia. Konponketa batzuk egiteko sartu ziren portuan, baina abuztuaren amaierarako eginak zituzten. Zain egon dira ordutik, Madrilek baimena noiz emango. Hain justu, taldeak orain bi aste egin zuen azken salaketa: "ez aurrera ez atzera" zeudela portuan, eta Espainiako Gobernua "isiltasun administratiboa" baliatzen ari zela ontziaren jarduna zapuzteko.

Grezian dauden errefuxiatuei laguntza humanitarioa eramatea izango da Aita Mari-ren egitekoa. Horretarako baimena jaso du: laguntza humanitarioa emateko. Sei tona material prest dituzte ontzian: negurako arropak, mantak eta higienerako produktuak. Erreskateak egiteko baimenik ez dute jaso, orain hurrena itsasoratu zirenean bezalaxe. Gobernuz kanpoko erakundeak salatu du nazioarteko arauen aurkakoa dela erreskateak debekatzea, derrigorrezkoa delako itsasoan inor arriskuan ikusiz gero hura salbatzea.

Taldeko iturriek azaldu dutenez, prestaketa batzuk egin behar dituzte orain, eta asteazkenean abiatuko dira. Batetik, ontziko eskifaia prestatu behar dute: asteak egin dituztenez portuan, ontziko kideak etxera bidaliak zituzten. Bestetik, ontzia bera atondu behar dute, "konponketatxo batzuk" egin.

Aita Mari erreskateontzia orain urtebete pasatxo aurkeztu zuten, eta hasieratik izan zituzten arazoak itsasoratzeko, Espainiak ez zielako baimenik eman. Apirilean itsasoratu ziren azkenean, erreskateak egiteko baimenik gabe. Hortz klinika bat atondu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.