Altsasuko Auzia

"Injustizia baieztatu da"

Urriaren 26an Iruñean elkarretaratzera deitu dute Altsasuko Gurasoek eta Altsasukoak Aske plataformako kideek.

Altsasuko gurasoak, Iruñean egin duten agerraldian. IDOIA ZABALETA, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko urriaren 10a
16:20
Entzun

"Injustizia baieztatu da". Argi mintzatu dira Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformako kideak gaur goizean Iruñean egindako agerraldian. Auzitegi Gorenaren epaia salatu dute bi plataformek: "Injustizia apaindu nahi bazuten, ez dute lortu; hau astakeria eta zentzugabekeria bat da". Jasotako zigor eskaerak "gizagabeak" direla azpimarratu dute.

Auzitegi Gorenak atzo ateratako epaiaren aurrean "samina" eta "haserrea" adierazi dituzte bi plataformek, eta kalera ateratzeko deia egin dute. Urriaren 26an Iruñeko Justizia Auzitegiaren aitzinean elkarretaratze bat egitera deitu dute. Azarorako ere hainbat egitasmo antolatu dituzte Altsasun. Bertzeak bertze, kontzertuak, mahai inguruak eta Arcon zentsuratu zuten Presos politicos en la España Contemporanea erakusketa izango dira.

Kartzelatutako gazteen egoeraren berri ere eman dute agerraldian. Antxon Ramirez de Aldak —preso dagoen Adur Ramirez de Aldaren aitak— adierazi duenez, gazteak lasai daude, "edozertarako" prest baitzeuden. Ramirez de Aldak adierazi du orain espetxetik ahalik eta azkarren ateratzeko bideak bilatuko dituztela. Hurrengo pausoak zein diren galdetuta, Estrasburgoraino joateko prest daudela adierazi du Ramirez de Aldak, eta abokatuekin ahalik eta azkarren hasiko direla bide judizial berriak aztertzen.

Jendetza bertaratu da agerraldira eta Altsasuko Gurasoek eta Altsasukoak Aske plataformako kideek eskertu egin dituzte orain arte jasotako elkartasuna eta babesa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.