Klima larrialdia

5.500 milioi herritar egon daitezke arriskuan 2050. urterako

Zientzialari talde batek mapa interaktibo batean jaso ditu naturak ekosistemen orekari egiten dion ekarpena, eta munduko eremu bakoitzean herritarrek ekarpen horrekiko duen beharra. Ura kutsatzeko, laboreak galtzeko eta itsasoko ekaitzen aurkako babesik gabe gelditzeko arriskuez ohartarazi dute.

Neskatxa bat, ur bidoi bat garraiatzen, Somaliako herri batean.
Neskatxa bat, ur bidoi bat garraiatzen, Somaliako herri batean. Pablo Tosco/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko urriak 11

Naturak berez garatzen ditu ekosistemen orekari mesede egiten dioten dinamikak, eta horiek funtsezko ekarpena dira klima larrialdiari aurre egiteko. Tokian tokiko ikerketa ugari daude mundu osoan naturaren ekarpen hori aztertu dutenak, baina orain, lehenengo aldiz, mundu mailako eredua osatu du ikerketa batek. Horri esker, planeta osoaren mapa interaktibo bat osatu dute kode irekian oinarritutako teknologia baliatuta. Mapa horretan islatu dute munduko eremu bakoitzean gizakiek zenbateko onura jasotzen duten naturak ekosistemen egonkortasunari egiten dion ekarpenari esker. Horrez gain, klima larrialdia bizkortu ahala, naturaren ekarpena galtzeko arriskurik handiena duten eremuak zein diren ere identifikatu dute. Azterketaren helburua da gizartearen esku jartzea klima larrialdiaren aurrean neurri egokiak hartzeko ezinbestekotzat jotzen duten ezagutza.

Ikerketa AEBetako Stanfordeko Unibertsitateak gidatu du, eta bertan parte hartu du Unai Pascual ikertzaile euskal herritarrak ere. Pascual Basque Centre for Climate Change (BC3) erakundeko ikertzailea da, eta IPBES Biodibertsitateari eta Ekosistema Zerbitzuei buruzko Gobernu Arteko Plataformako kide ere bada. Science aldizkariak publikatu du lana.

Datuek berretsi dute klima larrialdiaren aurkako mugimenduak behin eta berriz ohartarazi duena: natur ingurunea geroz eta ahulagoa da, eta, ondorioz, gizakiak geroz eta babes urriagoa du ekosistemen desorekei aurre egiteko. Ekosistemen degradazioa handiena den eremuetan, geroz eta arrisku handiagoa dute eskura duten ura kutsatutakoa izateko, kostaldeko ekaitzak jasateko eta laboreak galtzeko. Aurreikuspenen arabera, orain arte bezala jarraituz gero, 5.500 milioi herritar biziko dira baldintza horiek pairatzeko arriskuan 2050. urterako. Pascualen esanetan, "tokiko, eskualdeko eta nazioarteko ingurumen politikak huts egiten ari dira munduko eskualderik zaurgarrienetako ekosistemak eta populazioak babesteko inbertsio estrategikoak zuzentzeko garaian".

Ikerketaren arabera, naturaren ekarpen ahalmena gehien galtzen ari diren eremuek dute ekarpen horien beharrik handiena. Bereziki, Afrikan eta Asia hego-ekialdean.

Azterketaren egileek hiru aldagai hartu dituzte ardatz, naturak ekosistemen orekari egiten dion ekarpena aztertzeko: polinizazioak zer eragin duen uztetan, kostaldeko ekosistemek zer ahalmen duten itsasoaren igoeratik eta itsasoko ekaitzetatik babesteko, eta landa eremuetako ekosistemek zer gaitasun duten nekazaritzan erabiltzen diren gai kutsagarriak iragazteko eta depuratzeko. Osatu duten mapan jaso dute naturak munduko eremu bakoitzean zer ekarpen maila egiten duen eta eremu bakoitzeko biztanleek ekarpen hori zenbateraino behar duten.

Azaldu dutenez, orain arte tokian-tokian egin diren ikerketa ugari hartu dituzte oinarri. Datu kopuru erraldoia batu dute, eta datu horietatik estrapolazioak egin dituzte, formula matematikoen bidez. Hala, zehaztasun handiko mapa osatu dute.

Pascualek nabarmendu duenez, azterketak argi erakusten du berehalako neurriak behar direla klima larrialdiari eta haren ondorioei aurre egiteko. "Orain arte bezala jarraitzen badugu, ekosistemak aurrerantzean ezingo dira izan klima aldaketaren eraginei aurre egiteko berme, gizakien oinarrizko premiei dagokienez: elikagaiak, ura eta azpiegiturak". Pascualen iritziz, mapak funtsezko informazioa eskaintzen du lehentasunezko inbertsioak non egin behar diren zehazteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna