Politika

Sarek gaixo dauden presoen aldeko mobilizazio dinamika berri bat abiatu du

Atzo hasi eta hurrengo hiru hilabeteetan, anbulantzia bat ibiliko da Euskal Herrian zehar, eta eskualde bakoitzean mobilizazioak antolatuko dira.

Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko eledunak gaurko agerraldian, Gasteizen. BERRIA
Edurne Begiristain.
2019ko urriaren 11
13:26
Entzun

Larriki gaixo diren presoak etxera! aldarrikapena oinarri hartuta, Sarek mobilizazio dinamika berria abiatu du gaixo dauden presoen egoeraren berri emateko. Atzo hasita, eta hurrengo hiru hilabeteetan, anbulantzia bat ibiliko da Euskal Herrian zehar, eskualde bakoitzean mobilizazioak antolatuta: besteak beste, manifestazioak, ibilaldiak, performanceak eta giza kateak egingo dira. Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko eledunek gaur goizean eman dute dinamikaren berri, Gasteizen. Euskal Herriko hamabost herritan baino gehiagotan ibiliko den anbulantziaren ondoan egin dute agerraldia.

Euskal gizarteari dei egin diote abiatutako mobilizazio dinamikarekin bat egitera eta "injustiziaren" aurka mugitzen jarraitzera. "Eskubideak urratzen dituen egoera honen ordez, konponbidearen aldeko egoera lortzea lehentasuna da euskal gizartearen gehiengoarentzat, ideologiak eta alderdikeriak alde batera utzita".

ETA erakunde gisa desagertu zenetik urtebete baino gehiago igaro bada ere, euskal presoek "salbuespen egoeran" jarraitzen dutela salatu dute Sareko eledunek. Gaixotasun larriak dituzten presoen egoeraz ohartarazi dute, espetxeak "okertu" egin dielako euren osasun egoera. "Bere burua demokratikotzat duen gizarte batek ezin du onartu espetxeak dakarren gorrotoa, eta mendekua izatea espetxe legediaren ordezkoa", salatu dute. Gizarteratzera baino gehiago, "heriotzara daraman bide luze eta iraunkorra" eskaintzen die kartzelak gaixorik dauden presoei, Azkarragak eta Atxak diotenez. Hala, gogora ekarri dute osasun arloko profesionalek behin eta berriz azpimarratu dutena: preso askoren gaitzak "bateraezinak" direla espetxearekin eta, beraz, aske behar dutela.

Espetxealdi arindua

Legediak aukera ematen die gaixorik dauden presoei espetxe arindua ezartzeko. Besteak beste, Aitzol Gogorzaren eta Ibon Iparragirreren kasuetan horrela egin da. Etxean jasotzen dute tratamendua, konfiantzazko medikuen zaintzapean. Sarek galdegin du espetxealdi arindua ezartzeko gaixotasun larriak dituzten preso guztiei. "Ez dugu ezer berezia eskatzen; ez gabiltza eskatzen legedian edo nazioarteko araudian jasota ez dagoen ezer. Legeak eta gizatasunaren arauak betetzeko eskatzen ari gara, besterik ez", nabarmendu dute.

Sareko bozeramaileek gogor salatu dute egungo espetxe politika. Uste dute espetxeak "zigorgabetasuna" bermatzen duela, eta "zigorrerako eremuak" direla, bereziki euskal presoen kasuan. "Gobernuak dioenaren kontra, espetxea ez da askatasunerako eskola bat, ezta osasun fisikoaren eta mentalaren arazoak artatzeko leku egokia ere". Ohartarazi dute gaur egun espetxeak "pertsonen biltegi" bihurtu direla, eta haietan "zigorra eta mendekua" ezartzen zaiela euskal presoei. Horrez gain, salatu dute osasun eskubidea ez dagoela bermatuta presondegietan, eta, beraz, gaixotasun larriak dituztenek ez luketela kartzelan egon behar.

Hori hala, eritasun larriak dituzten presoak azke uzteko aldarrikatu du Sarek. Eta, horretarako, estatuei espetxe legedia betetzeko eskatu die. "Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea ez da amore ematea, barne legedia eta Europako araudia betetzea baino ez".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.