ESTATUS POLITIKOA

Etorkizun politikoa erabakitzeko legezko kontsulta baten alde egin du Urkulluk

Lehendakariak dio "ahal duen guztia" egingo duela Espainiako Gobernuarekin hitzartutako galdeketa baten bidez herritarrek etorkizun politikoa erabaki dezaten.

Urkullu gaurko legebiltzarreko saioan. JON RODRIGUEZ BILBAO / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2019ko urriaren 11
14:49
Entzun

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak azpimarratu du ahal duen guztia egingo duela hitzartua eta legezkoa izango den galdeketa baten bidez herritarrek beraien etorkizun politikoa erabaki dezaten. Gaineratu du "ibilbide bideragarriak" diseinatuko dituztela Euskal Herria "kale itsu" batera joan ez dadin. Esan duenez, "galdeketa horrek ez du izango zerikusirik autodeterminazio eskubidearekin".

Aldi berean, azaldu du Gernikako Estatutua aldatzen ari den adituen batzordeak hartzen dituen erabaki guztiak errespetatuko dituela. Galdeketa hori Euskal Autonomia Erkidegoko estatutua berritzeko "aukera eta irtenbidea" iruditzen zaio Urkulluri, baita autogobernuan sakontzekoa ere. Horretarako, akordioak lortu beharko dituztela gaineratu du, "Euskadiren barruan eta Estatuarekin nahiz Europarekin".

EH Bilduko Maddalen Iriartek eskatu dio "autogobernutik burujabetzara igarotzeko jauzi bat" egiteko. PPko Alfonso Alonsok, berriz, EAJri "suarekin jolasten" ari dela ohartarazi dio, "ezinezko proposamenak" egiten dituelako. Gainera, Alonsok eskatu dio estatutuaren erreforma eztabaidatzen ari den batzorde parlamentarioan jeltzaleek egiten dituzten proposamenei "balazta" jartzeko.

Gernikako Estatutuaren 40. urteurreneko ospakizunak

Batzuk erreforma hitzartzen ari diren bitartean, 40 urte beteko ditu Gernikako Estatutuak hilaren 25ean. PSE-EEk esan du hainbat ekintza egingo dituela, eta urriaren 27ra arte luzatuko dira. "Ospatuko dugu lau hamarkadatan desadostasunak eta adostasunak izan arren Euskadiri hazten lagundu diogula, terrorismoari ere aurre egitea lortu dion estatutuaren bidez".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.