Kurdistan

Siriako armada Rojavan zabaltzea adostu dute Damaskok eta kurduek

Siriako soldaduak Kobani eta Manjib eskualdeetan sartuko dira, Turkiaren erasoari aurre egiteko. Erdoganek hasieran iragarri baino lurralde zabalagoa hartu nahi du orain kontrolpean. AEBek soldadu guztiak erretiratu dituzte Siria iparraldetik.

Hainbat heritar, Tal Abyad hiritik irteten den keari begira, Rojavan.
Hainbat heritar, Tal Abyad hiritik irteten den keari begira, Rojavan. SEDAT SUNA/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko urriak 14

Siriako Gobernuak eta Rojavako Kontseilu Demokratiko Siriarrak akordioa lortu dute Turkiaren erasoari elkarlanean erantzuteko. Siriako armada herrialdearen eta Turkiaren arteko mugan zabaltzea adostu dute.

Siriako armadaren hedatzeak helburu izango du SDF Siriako Indar Demokratikoak babestea, Turkiaren erasoari erantzutea eta Turkiak azken egunetan hartu dituen lurrak askatzea. Horien artean dira Ral al Ain eta Tal Abiad hiriak. Horrez gain, atea irekiko dio 2018. urtearen hasieran Turkiak hartutako lurrak berreskuratzeari. "Adibidez, Afrin",  azaldu du erakunde kurduak.

AEBek beren tropa guztiak Siria iparraldetik erretiratu eta ordu gutxira iragarri dute akordioa Damaskok eta Kontseilu Demokratiko Siriarrak. Donald Trump AEBetako presidenteak mila soldadu inguru erretiratu ditu, Turkiaren erasoaren ondorioz egoera "jasanezina" dela argudiatuta.

Turkiak "gune seguru" bat eratzeko aitzakiarekin hasi du kurduen kontrako erasoa Rojavan. Ankarak talde terroristatzat dauka SDF gidatzen duen YPG Herriaren Babes Unitateak milizia kurdua, eta mugatik aldendu nahi du. Hasieran, 120 kilometro luze eta 30 kilometro sakon zen lurralde bat kontrolpean hartzeko asmoa agertu du, baina, atzo, lurralde hori zabalagoa izango dela adierazi zuen Recep Tayyip Erdongan Turkiako presidenteak. Hartu nahi duen eremuaren zabalera 480 kilometrokoa dela iragarri zuen: Eufrates ibaitik Irakeraino.

Azken astean, dozenaka zibil hil dira erasoetan, eta 100.000 herritarrek ihes egin dute etxetik. Bi aldeek elkarri leporatu diote herritarrei eraso egitea. NBEren arabera, Turkiak kalte handiak eragin ditu "funtsezko azpiegituretan", bonbardaketen bidez. SDPk Turkiari leporatu dio Estatu Islamikoaren ehunka kideren ihesa ahalbidetzea, atxilotze zentro bati eraso eginda. SPD izan da AEBen aliatu nagusia Estatu Islamikoaren kontrako borrokan, duela zortzi urte piztu zen Siriako gerran.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna