Generalitatearen erantzuna

Amnistia eskatu du Generalitateak preso politiko eta errepresaliatuentzat

Torrak gutun bana bidali die Espainiako erregeari eta Pedro Sanchez Gobernuko presidenteari berehalako bilera bat egiteko eskatuz. Buruzagi independentisten aurkakoa "demokraziaren eta autodeterminazio eskubidearen aurkako epaia" izan dela salatu du Generalitateko buruak.

Quim Torra Generalitateko presidentearen agerraldia. /
Quim Torra Generalitateko presidentearen agerraldia. / BERRIA

Arantxa Elizegi Egilegor -

2019ko urriak 14

Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia jakin eta ordu gutxira agerraldi instituzionala egin du Quim Torra Generalitateko presidenteak, Pere Aragones presidenteordearekin, Roger Torrent Parlamentuko buruarekin eta hainbat kontseilarirekin batera.

Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia gaitzetsi du Generalitateak aho batez, eta gogorarazi Zigor Kodeak berak ez duela erreferenduma delitu gisa jasotzen. Torrak salatu du buruzagi independentisten aukako zigorra ez ezik, milioika katalanen eta demokraziaren aurkakoa ere badela epaia, autodeterminazio eskubidea eta independentismoa zigortzen dituelako.

"Demokratikoki eta era baketsuan jokatu dute [zigortuek] uneoro. Hauteskunde programan iragarri zituzten haien konpromiso politikoak eta milaka lagunen babesa jaso zuten bozetan. Egin duten oro gehiengo parlamentarioaren babesean egin dute, eta hala ere, haietako batzuk dagoeneko bi urte daramate espetxean". Horregatik, amnistia eskatu du Torrak preso politiko eta errepresaliatu guztientzat.

Generalitateko buruak gogorarazi du Madril izan dela hasieratik elkarrizketari uko egin diona, eta ohartarazi mehatxua eta zigorra ez direla ezertarako irtenbide. Horiek hala, iragarri du gutun bana bidali diela Espainiako erregeari eta Pedro Sanchez Gobernuko presidenteari berehalako bilera bat egiteko eskatuz. Horrez gain, bihar goizean beriz bilduko da Generalitatea epaia aztertzeko.

Aurrez, Carles Puigdemont presidente ohiak hartu du hitza eta mobilizatzeko deia egin die herritarrei. Zigorra "astakeria" dela salatu du Bruselatik zabaldutako mezuan. "100 urteko espetxe zigorrak guztira. Astakeria bat. Inoiz baino gehiago, zuen eta zuen senideen ondoan gaude. Erreakzionatzeko garaia da, inoiz baino gehiago. Gure seme-alaben etorkizunaren alde. Demokraziaren alde. Europaren alde. Kataluniaren alde". 

Orotara, ehun urte inguruko kartzela zigorra ezarri diete prozesuaren auzian akusatutako bederatzi buruzagi independentistei. Oriol Junqueras presidenteordearen aurkakoa izan da zigorrik gogorrena, hamahiru urtekoa, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltea egotzita. Delitu beragatik zigortu ditu Raul Romeva, Joaquim Forn, Jordi Turull, Josep Rull eta Dolors Bassa ere, baina hamabi urteko zigorra ezarri diete haiei. 11 urte eta erdikoa Carme Forcadelli, eta bederatzina urtekoa Jordi Sanchez eta Jordi Cuixarti.

Epaia jakin bezain laster hasi da jendea kalera irteten. Bezperatik segurtasun indarrek kontrol zorrotzak jarriak zituzten Bartzelonako nahiz Gironako autobus eta tren geltokietan, baina horrek ez ditu manifestariak geldiarazi. Haietako hainbat Lledonerseko espetxe atarian bildu dira goizean goizetik. Goiz erdian, berriz, unibertsitateetatik martxak antolatu dituzte ikasleek. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna