Mobilizazioak Euskal Herrian

Ostiralerako mobilizazioak iragarri ditu gehiengo sindikalak

ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek agerraldia eta elkarretaratzea egin dute Bilbon. "Errepresioak eta mendekuak ez dute azken hitza izango", adierazi dute.

Sindikatuen agerraldia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
2019ko urriaren 16a
15:26
Entzun

Sindikatuek adierazi dutenez, Espainiako estatuak "mezu beldurgarria" helarazi nahi izan du epaiaren bidez: "Gure etorkizunari buruzko erabakia noizbait hartzeko itxaropena galarazi nahi izan du; erakusten ari dira nola joko duten edonoren kontra". Baina horren aurrean azaldu nahi izan dute "eskarmentuak, errepresioak eta mendekuak" ez dutela "azken hitza" izango.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk esan du epaiak agerian uzten duela "Espainiako Estatuaren izate antidemokratikoa", eta horren aurrean ez dagoela "jarrera distantziakiderik" izaterik: "Edo demokraziaren alde gaude, edo autoritarismoa elikatzen dugu".

Autodeterminazioaren aldeko gehiengo bat dagoenean, hura gauzatzea "denbora kontua" da, Aranbururen esanetan: "Guk denborak laburtu nahi ditugu, demokrazian sakontzea eta burujabetzan aurrera egitea ere badirelako sindikatuok lortu nahi dugun bizitza duinagoaren aldeko borrokaren pare bat".

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak esan du epaiaren xedea dela "1978tik sortu den mugimendu errepublikano eta demokratikorik indartsuena itotzea", eta "beharbada" epaia "Espainiako Erregea" hasi zela idazten erreferendumaren osteko agerraldi publikoa egin zuenean.

Lakuntzak "ezin justifikatuzkotzat" jo ditu buruzagi independentisten kontrako zigorrak, baina bereziki gogorarazi du akusatuetako batzuei bederatzi urteko kartzela zigorrak ezarri dizkietela "soilki manifestazioak antolatzeagatik". "Horrek erakusten du estatuaren eskaintza bakarra ukapena eta errepresioa dela". Kataluniako eragile politikoak zoriondu ditu, "pultsu politikoari" eusten ari direlako, "Euskal Herrian ez bezala".

Sindikatuek elkarretaratzeak egingo dituzte ostiralean lantokietan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.