EUSKAL HERRIKO ERREAKZIOAK

Kataluniako presoak askatzeko eskatu du Euskal Herriko ordezkaritza zabal batek

Gure Esku-ren manifestuarekin bat egin dute EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu alderdiek; ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuek; Demokrazia Bai plataformak; Erabakizaleak abokatuen elkarteak eta kultur eta kirol arloko erreferente ugarik.

Manifestua babestu duten elkarteetako ordezkariak eta norbanakoak, goizean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2019ko urriaren 17a
17:09
Entzun

"Askatasuna. Konponbide politikoaren alde" Gure Esku-k sustatutako manifestu bateratua plazaratu dute Euskal Herriko zenbait alderdi politikotako, sindikatutako eta eragiletako ordezkariek eta kultur eta kirol arloko zenbait erreferentek. Kataluniako presoak aske uzteko eskatu dute, eta babesa agertu diote Gure Esku-k larunbaterako Donostian "Erreferenduma ez da delitu. Askatasuna" lelopean antolatu duen manifestazioari.

Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranistak zigortzen dituen epaiari "desadostasun osoa" adierazi diote, Donostian egindako agerraldi batean. "Epai honek ondorio larriak dakartza oinarrizko eskubide eta askatasunentzat", gaineratu dute.

Prozesu judiziala bera ere ez dela "justua" izan esan dute, "arbitrariotasunez beteta" eta "funtsik gabeko akusazioetan oinarrituta" egon delako. Era berean, azaldu dute Nazio Batuen Erakundeko Atxiloaldi Arbitrarioei Buruzko Lantaldeak salatu duela presoei eskubideak urratu zaizkiela behin-behineko espetxealdia ezarrita. "Bidegabekeria honen aurrean", preso guztiak aske uzteko aldarrikatu dute, eta elkartasuna adierazi diete epaiaren "ondorio larriak" zuzenean pairatu dituztenei eta haien senideei.

Epaiak ekar ditzakeen ondorioei buruz ere egin dute gogoeta, eta "kezkatuta" agertu dira manifestazio eskubidearen, adierazpen askatasunaren, protestarako eskubidearen, bozkatzeko eskubidearen, autodeterminazio eskubidearen eta erabakitzeko eskubidearen "kriminalizazio zantzuak" iruditzen zaizkielako. "Erabat onartezina da. Demokrazian, bozkatzea ezin da delitu izan, konponbidearen parte baizik", gaineratu dute. Horregatik, salbuespenezko bide judizialak, juridikoak eta prozesalak alde batera uzteko eskatu dute, eta "elkarrizketa eta negoziazio politikoa" proposatu dituzte.

"Egoeraren larritasunak interpelatu egiten gaitu demokrazia, justizia eta askatasuna maite ditugun guztiok, gure ideologikoetatik haratago", baieztatu dute. Horregatik, Gure Esku-k larunbaterako Donostian deitu duen manifestazioarekin ere bat egin dute, "injustizien aurrean", herritarren mobilizazioan sinesten dutelako.

Gure Esku-k bultzatutako manifestuarekin ados agertu dira EAJ, EH BIldu eta Ahal Dugu alderdi politikoak; ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuak; Demokrazia Bai plataforma; eta Erabakizaleak abokatuen elkartea. Horiez gain, Donostian egon dira beste hainbat norbanakok ere babesa erakutsi diote: Antton Telleriak, Pilar Kaltzadak, Danele Sarriugartek, Xabier Euzkitzek eta Garbiñe Ubedak. Aurkezpenean egon ezin izanda ere, beste hainbatek ere atxikimendua adierazi dute: Juan Jose Ibarretxek, Bernargo Atxagak, Asier Illarramendik, Jule Goikoetxeak, Paul Riosek, Iker Irribarriak, Fermin Muguruzak, Irantzu Varelak, Juantxo Arakamak, Miren Amurizak, Alex Sarduik, Pello Reparazek eta Zuriñe Hidalgok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.