Eusko Jaurlaritza

Erkorekak dio Ibarretxek ez zuela Jaurlaritza ordezkatu Askatasunaren Aldeko Martxan

EAEko lehendakari ohiak Kataluniako errepide bateko aldarrikapen ekinbidean hartu zuen parte asteazkenean, Torrarekin batera. Jaurlaritzako eledunak aitortu du harritu egin zela.

Juan Jose Ibarretxe, asteazkenean, Gironako martxan, Quim Torrarekin batera.
Juan Jose Ibarretxe, asteazkenean, Gironako martxan, Quim Torrarekin batera. David Borrat/Efe

Berria -

2019ko urriak 18

Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia Kataluniako errepide martxa batean izan zen asteazkenean, Askatasunaren Aldeko Martxan, Espainiako Auzitegi Gorenak astelehenean emandako epaiaren kontrako mobilizazio batean, Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentearekin batera, eta gaur Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak esan du Ibarretxek ez zuela EAEko gobernua ordezkatu ekinbide hartan. "Modu indibidualean joan zen martxara, eta ez zuen koalizioko Jaurlaritza ordezkatu", esan du Erkorekak, Herri Irratiko elkarrizketa batean.

Aitortu du harritu egin zela lehendakari ohia martxan ikusita. Gironako herrialdean hartu zuen parte, AP-7 errepidean. Erkorekak adierazi du Ibarretxek gaur egun ez duela "inolako loturarik" Jaurlaritzarekin. 1999tik 2009ra izan zen lehendakari.

Halaber, esan du harrigarria egin zaiola Torrak beste erreferendum baterako proposamena egin izana. "Bere gobernua eta talde parlamentarioko kideak ere harritu zituen. Ikusi beharko da zer bide duen proposamenak".

Erkorekak uste du Generalitateko presidentea "argi eta irmo" agertu dela Kataluniako azken egunetako iskanbilen aurka, eta ezin dela, beraz, hura "indarkeriarekin" lotu.

Gorenak astelehenean emandako sententziaz azaldu du ez zaiola gustatzen "gatazka politiko bat tamaina honetako zigor epai batekin amaitzea". Gainera, haren iritziz, "ebazpenak ez du ezer konpondu. Desafio politiko eta instituzionalak hor segitzen du, eta giroa lasaitzen denean heldu egin behar zaio". Erkorekak dio Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria prest agertu dela "laguntza eraikitzailea, zintzoa, irekia eta leiala" emateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna