Tsunami Demokratikoa terrorismo delituengandik ikertzen hasi da Espainiako Auzitegi Nazionala

Ekinaldi horren webgunea eta sare sozialetako kontuak ixteko eskatu du Manuel Garcia Castellon epaileak.

Tsunami Democratic ekimenak deituta, astelehenean Bartzelonako aireportuan egin zen protesta.
Tsunami Democratic ekimenak deituta, astelehenean Bartzelonako aireportuan egin zen protesta. Quique Garcia/Efe

Jon Ordoñez Garmendia -

2019ko urriak 18

Manuel Garcia Castellon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea Tsunami Demokratikoa mugimendua terrorismo delituengatik ikertzen hasi da, eta hala egiteko agindu dio Guardia Zibilari.

Ikerketa horren barruan, ekinaldiaren webgunea ixten saiatu da, baina une batez lortu badute ere, berriro martxan izan da gero. Auzitegi Nazionaleko iturriek Efe albiste agentziari jakinarazi diote Espainiako sistema judizialak soilik Espainian dauden domeinuak itxi ditzakeela, eta bere mugetatik kanpo badaude ezin direla berehala itxi.

"Tsunamidemocratic.cat domeinua blokeatu berri digu Espainiako Estatuak operadore handien laguntzarekin. Hasi da zentsura, urriaren 1ean bezala. Galdera da: uste duzu tsunami bat itxi daitekeela?", jakinarazi du mugimendu horrek berak Telegramen duen kanalean. Edozein kasutan, beste webgune bat iragarri du bestearen itxiera iragarri orduko. Sare sozialetan dituen kontuak ere blokeatzeko eskatu du epaileak, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eskatuta.

Plataformak Espainiako Estatuaren "kriminalizazio" ahalegina salatu du. "Horrek behartzen gaitu protestarako eskubidean eta definizioz baketsua den desobedientzia zibilean ez etsitzera".

Tsunami Demokratikoak nabarmendu du Europako Batzordeak oharra bidali diola Espainiako Estatuari, Auzitegi Nazionalak plataformaren webgunea ixteko agindu ostean. Kazetarien galderei erantzunez, Batzordeko bozeramaile batek Espainiari gogorarazi dio "oreka" bilatu behar duela "adierazpen askatasuna bermatzearen eta ordena eta segurtasuna mantentzearen artean".

Garcia Castellon epailea da duela egun batzuk CDRetako zazpi kide atxilotu eta espetxeratzeko agindua eman zuena. Irailaren 26an sartu zituzten espetxean, erakunde terrorista bateko kide izatea, lehergailuak egitea eta edukitzea, eta kalteak eragiteko konspiratzea leporatuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna