GAZTETXEAK

Absolbitu egin dituzte Maravillas gaztetxearen harira epaitutako 22 gazteak

Epailearen esanetan, akusazioek ez dute frogatu gazte horiek eraikinean egon ohi zirenik. Nafarroako Gobernuak 56.000 euroko zigorra eskatu zuen, isun eta kalte-ordain gisara.

Rozalejoren jauregia zigilatu egin zuten. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko urriaren 23a
10:21
Entzun

Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiak zigorrik gabe utzi ditu Iruñeko Rozalejoren jauregia okupatu eta kalteak egiteagatik epaitutako 22 gazteak. Joan den ostegunean egin zuten epaiketa. Sententzian, epaileak dio akusazioek ez dutela froga sendorik erakutsi gazte horiek zigortzeko; izan ere, ohartarazi du poliziak egun jakin batean eraikinean identifikatu izanaz aparte ez dagoela beste zantzurik. "Ez da egiaztatu zeintzuk sartu ohi ziren eraikinera maiztasunez, edo nork kudeatzen eta zuzentzen zituen barruko ekintzak". Frogarik ezean, beraz, absolbitu egin dituzte gazteak.

Nafarroako Gobernuak akusazio gisa jokatu du epaiketan, eta zigor ekonomikoak eskatu zituen: 56.000 euro, isunetan eta kalte-ordainetan. Fiskalak ez zituen akusatu epaitutako gazte guztiak: hiruren aurka eskatu zuen zigorra, bakoitzari 630 euroko isuna. Usurpazio delitu arina leporatu zieten. Defentsak absoluzioa eskatu zuen, eta akusatuek ukatu egin zuten egotzitako delitua.

Rozalejoren jauregiaren okupazioan segurtasunaren argudioa erabili du Nafarroako Gobernuak, eta horri eutsi zioten epaiketan deklaratu zuten lekukoek ere; hala nola Rozalejoko markesaren jauregia "oso egoera txarrean" zegoela, teknikariek "segurtasun arazo larriak" sumatu zituztela eraikinean, eta arrisku hori ikusirik ezin zutela baimendu "eraikina jendeari irekitzea, are gutxiago ekitaldi publikoak egiteko". Eraikinak hutsik zeraman denbora luzea, nahiz eta gobernuak hainbat proiektu izan mahai gainean: ostalaritza eskola, Euskarabidearen egoitza eta Memoriaren Institutua, adibidez.

Identifikazioak

Epaiketaren funtsa, hala ere, beste bat izan da: epaitutako 22 gazteek nolako parte hartzea ote zuten Maravillas gaztetxean. Joan den asteko epaiketan, sei foruzainek deklaratu zuten, gaztetxea husteko operazioan parte hartu zuten poliziek. Gazteak identifikatzeko prozeduraz galdetu zieten, batez ere. Foruzainek azaldu zutenez, auzipetuetako batzuk identifikatu zituzten "telebistan" ikusi zituztelako, "okupen bozeramaile gisa, adierazpenak egiten". Poliziek, baina, ezin izan zuten baieztatu pertsona horiek gaztetxera sartu zirenik edota leporatzen zizkieten txikizioak egiten ikusi zituztenik.

Hain justu, horri helduta eman du epaitegiak absoluzioa. Ez dagoela frogatuta akusatuak Rozalejoren jauregian "etengabe atzera-aurrera" ibili zirenik. Epaileak ohartarazi du usurpazio delitua leporatzeko ezinbestekoa dela baldintza hori: "Bertan egoteko bokazioa eta etengabe jardutea, une jakin bateko erabileraz harago". Akusatutako gazteetako batzuei, gainera, Maravillas gaztetxean ardurak izatea egotzi diete, eta hor ere froga falta sumatu du epaileak. Gogora ekarri du Nafarroako Gobernuarekin eta Iruñeko Udalarekin bilerak egin zituztela gaztetxeko kideek, eta horietako inor ez dutela identifikatu.

Iazko abuztuaren 18an hustu zuten lehenengo aldiz Maravillas. Polizia goizaldean sartu zen, eta babesa ematera bildu ziren gazteen aurka jo zuen. Iluntzean, ordea, berriro sartu ziren gazteak. Urtarrilaren 19an, Poliziak bigarrenez hustu zuen gaztetxea. Hainbat protesta egin zituzten hustea salatzeko, eta Espainiako Poliziak nahiz Foruzaingoak gogor erantzun zuten mobilizazioetan parte hartu zutenen aurka. Eraikina zigilatu, eta porlanez itxi zuen gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.