Euskal presoak

Jon Enparantza Estremeran dago, ostiralean Zaballatik atera ostean

Euskal presoak berriki deitu dio familiari, Madrilgo espetxe hartatik. Bitartean Burgosen, Valladoliden, Topasen, Palentzian eta Valdemoron izan dute, familiak ezer jakin gabe. Irailaren 30ean Zaballako kartzelan sartu zen Enparantza, 11/13 auziko zigor epaia betetzeko. Elkarretaratze bat egin dute Donostian.

Sarek deituta gaur arratsaldean Donostian egindako elkarretaratzea. BERRIA
enekoitz esnaola
2019ko urriaren 28a
20:13
Entzun

Gaur arratsaldean bukatu da Jon Enparantza euskal presoaren lekualdatzea, Estremerako (Madril) espetxera iritsita. Handik deitu dio familiari. Zaballatik (Gasteiz) ostiralean atera zuten Espainiako Espetxeetako Erakundeen erabakiz, sendiari ezer esan gabe, eta geroztik Burgosen, Valladoliden, Topasen (Salamanca), Palentzian eta Valdemoron (Madril) izan dute. Bahiketa" salatu du familiak. Gaur 19:30ean elkarretaratze bat egin dute Donostian, Antigua auzoan. Urruntzearen bidez, Madrilek "salbuespen politika" jarraitzea deitoratu du Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak

Enparantza irailaren 30ean Zaballan sartu zen, 11/13 sumarioko epaiko zigorra betetzeko, eta Etxerat elkarteak larunbatean ohar baten bidez adierazi zuen Estremerara zeramatela. Aldiz, Zaballan segitzen du 11/13 auziko beste espetxeratuak: Arantza Zuluetak. Abokatuak dira biak.

Espetxeetako Instituzioetako iturri batek atzo BERRIAri esan zion Enparantzaren lekualdatzea bost egunekoa izan zitekeela. Iturri berak adierazi zuen lekualdatze egoeran zeukatela euskal presoa, eta halakoetan "segurtasun arrazoiengatik" ez dutela esaten unean-unean non dagoen. Ez zuen jakinarazi nora zeramaten. Gehienezko bost eguneko lekualdatzearen ardura Guardia Zibilak du. Presoen bi lekualdatze mota ditu Espainiako Gobernuaren espetxe administrazioak: zuzena —egun berean egiten dena— era arrunta —"ordinario", Madrilen hitzetan—, gehienez, bost egunekoa.

Sare: "Familiaren sufrimendua handitu du"

Enparantzaren senideek ostiralean modu ez-ofizialean jakin zuten presoa Zaballatik atera zutela, baina ez zekiten justu nora zeramaten, Espetxeetako Erakundeek ez zietelako informaziorik eman eta presoak gaur arratsaldera arte ezin izan duelako telefono deia egin.

Presoaren ama (80 urte) larunbatean zen hari lehen bisita egitekoa. Bisita galdu zuen. Presoaren bi umek azaroaren 2rako zuten Zaballako bisita hitzordua; orain, kilometro gehiago egin beharko dituzte. Haren beste hiru umek hil honetan egin diote bisita Arabako espetxean.

Sareko eledun Oiartzabalek esan du "mendekua" eta familiaren aurkako "zigor bat" dela gertatutakoa. "Haien sufrimendua handitu du. Bakean eta elkarbizitzan bizi nahi duen jendarte bati ez dio mesederik egiten". Ezinbestekotzat jo du presoen auziari "aterabidea" ematea.

Etxerat elkarteak Pedro Sanchezen gobernuaren jokabidea salatu zuen larunbateko prentsa oharrean, eta urruntzea amaitzeko eskatu .

Martxoan, aske

Joan den asteartean Efe berri agentziak Espetxeetako Instituzioetako idazkaritza nagusiko iturriak aipatuz baieztatu zuen Zuluetak eta Enparantzak gehienez bost hilabete eta bost egun egingo dituztela preso. Hala, datorren urteko martxo hasieran aterako dira aske.

Irailaren 16an hasi eta bukatu zen auziko 47 lagunen aurkako epaiketa, eta, aldeen arteko akordio bat dela bide, Espainiako Auzitegi Nazionalak Zuluetari eta Enparantza soilik ezarri zien bi urtetik gorako espetxea: Zuluetari hiru urte, sei hilabete eta hamazazpi egunekoa; Enparantzari, bi urte, zazpi hilabete eta hiru egunekoa. Biak lehendik egonak ziren preso, behin-behinean: Zulueta hiru urte eta hilabete batez, eta Enparantza bi urte eta bi hilabetez.

EH Bilduk gogorarazi du Enparantza ez urruntzeko eskatzen duen adierazpen bat onartu zuela Donostiako Udalak ostegunean. "Salbuespenezko espetxe politikarekin amaitu" behar dela adierazi du.

Alaitz Aramendi, Roazhongo kartzelara

Etxerat-ek esan duenez, Alaitz Aramendi euskal presoa Roazhongo (Bretainia) kartzelara lekualdatu du Frantziako Gobernuak, Roannekotik (Frantzia). Justizia Ministerioak eta euskal ordezkaritzak hitz egin dutenaren arabera, Frantziako Estatuan diren zortzi emakume euskal presoak Roazhonen batu nahi dituzte, betiere hala nahi dutenak. Aramendiz gain, Alaitz Areitio eta Saioa Sanchez han daude, lehendik. Reaun, Izaskun Lesaka, Ainhoa Ozaeta eta Iratxe Sorzabal daude, eta Roannen, Lorentxa Beirie eta Itziar Moreno.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.