Katalunia

Bartzelonan, ehunka mila manifestarik kalea hartu dute, askatasunaren alde

ANCk eta Omniumek deitutako manifestazioan 350.000 lagun bildu dira, Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera. Espetxeratutako buruzagi independentistak aske utz ditzatela exijitu dute, eta Espainiaren "errepresioa" salatu.

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko urriak 26

Bartzelonako Marina kaleak gainezka egin du gaur, ANCk eta Omiun elkarteak deitutako manifestazioan bildu den jendetzarengatik. Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera, 350.000 lagun bildu dira. Omnium ez dago ados kopuruarekin, eta kexa agertu du, datuak "manipulatu" dituztela iritzita. Manifestazioak gaitzetsi egin du Kataluniako erreferendumaren auzian Espainiako Auzitegi Gorenak eman duen epaia, eta Espainiaren "errepresioa" salatu du. Espetxeratutako buruzagi independentistak aske utz ditzatela galdegin dute, halaber, eta oinarrizko eskubide eta askatasunak aldarrikatu dituzte; besteak beste, Kataluniaren autodeterminazio eskubidea.

Manifestazioa hasi baino ordubete lehenago, jendetza biltzen hasia zen Marina kalearen inguruetan. Beste behin, independentismoak manifestazio jendetsu bat egingo zuela antzeman zitekeen, eta hala izan da. Llibertat [askatasuna] leloa zeraman burua bidea egiten hasi aurretik, adierazpenak egin dituzte bi elkarte deitzaileek. ANCren izenean, Elisenda Paluzie presidenteak adierazi du kaleak "oso mezu argia" bidali duela gaur: "zenbat eta errepresio handiagoa, orduan eta mobilizazio handiagoa" izango dela. "Estatuak ez du lortuko gu izutzea, ezta helburuari uko egitea ere. Inoiz baino gehiago, autodeterminazio prozesua burutzeko mobilizatzen jarraituko dugu".

Marcel Mauri Omnium Cultural elkarteko presidenteordeak aurreratu du gaurkoa "mobilizazio masiboa eta zeharkakoa" izango zela. Estatu espainiarrari gomendatu dio "beste alde batera" ez begiratzeko eta entzuteko "kaleko aldarria". "Arazo politikoa ez da konponduko espetxe gehiagorekin, ezta errepresio handiagoarekin ere".

Elkarte deitzaileek ez ezik, indar independentistek garai politikoaren gaineko balorazioa egin dute. Quim Torra Kataluniako presidenteak hitzeman du bere gobernua "Kataluniako gizarteak nahi bezain urrun" joango dela prozesu independentistan, horrek "inhabilitazioak, mehatxuak, epaiak eta espetxeratzeak" ekarri arren. Torra autodeterminazio eskubidea gauzatzera konprometitu da.

ERCren Espainiako Kongresurako hautagai Gabriel Rufianen esanetan, "etorkizuna politika egitea" izango da, "elkarrizketa" eta "negoziazioa" sustatzea eta independentismoaren helburuetan "irmo jarraitzea". Nabarmendu du gaurko manifestazioan "askotariko banderak" agertu dituztela herritarrek eta "era oso desberdinean pentsatzen duen jendea" bildu dela, "independentziatik harago" doan helburu baten alde. Rufianen iritziz, azken asteetan Katalunian gertatu dena "eskubide zibil, sozial eta nazionalen atzerakada" izan da.

CUPen Espainiako Kongresurako hautagai Albert Botranek nabarmendu duenez, jendea "nekatuta" dago "arazo politikoei soilik errepresioarekin erantzuten dien estatuarekin". Kataluniako Gobernuari "errepresio" horretan parte hartzea leporatu dio, eta egoera horretan egoki ez jardun izana. Botranen iritziz, Espainiako Gobernuak ez du jarrera aldatuko azaroaren 10eko hauteskundeen ondoren, Kataluniarentzako duen eskaintza bakarra "errepresioa" delako.

Manifestazioak aurrera egin ahala, independentziaren eta amnistiaren aldeko oihuak entzun dira. Halaber, Spain, sit and talk [Espainia, eseri eta hitz egin] eta Preso politikoentzako askatasuna eta batasuna leloak oihukatu dituzte manifestariek. Azken hori indar independentistei zuzenduta, Gorenaren epaiari erantzun bateratua emateko adostasuna bila dezaten.

Manifestazioaren amaierako ekitaldian, mugimendu independentistaren izaera "baketsua" nabarmendu dute hizlariek, eta oinarrizko eskubide eta askatasunen alde mobilizatzen jarraitzera deitu dituzte herritarrak. Kataluniako eragile politikoei ere zuzendu zaizkie. Egoerak "erantzun politikoa eta instituzionala" eskatzen duela ohartarazi dute.

ANCren eta Omniumen manifestazioaren ondoren, CDR Errepublikaren Defentsarako Komiteek beste mobilizazio batera deitu dute, Bartzelonako Via Laietanan, Espainiako Poliziaren egoitzaren parean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna