Zuberoako ikastolak laguntzeko kanpaina abiatu dute

Egitasmoaren antolatzaileak, Martin Ugalde Kultur Parkean. BERRIA
2019ko urriaren 28a
09:13
Entzun

2003. urtetik, Zuberoako ikastolek Gabonetarako otarreak prestatzen dituzte lurraldeko ekoizpenekin. Iaz, 1.400 saldu zituzten, eta 15.000 euroko diru laguntza jaso zuten. Salmenta kanpaina azaroaren 1ean abiatuko dute, eta abenduaren 1ean bururatuko. www.ikaskoli.eus-en eros daitezke, eta horiek jasotzeko hainbat gune hauta daitezke webgunean.

Martin Ugalde Kultur Parkean (Andoain, Gipuzkoa) eginiko agerraldi batean, egitasmoaren antolatzaileek azpimarratu dute Ipar Euskal Herrian euskarak ez duela babes ofizialik, hizkuntza gutxiagotua dela, eta, Zuberoan, etxeko transmisioa eteten ari dela. "Hortaz, ikastolek dute euskararen transmisioa bermatzen". "Zuberoan ikastolak garatzen eta indartzen jarraitzeko Euskal Herri guztiko elkartasuna ezinbestekoa zaigu".

Egun, bi ikastola daude lurralde horretan: Alozen eta Sohütan. Aurrenekoan, 36 haur daude, eta bigarrengoan, 103; denak, haur eskolan eta lehen mailan. Ondoren, Larzabaleko kolegiora (Nafarroa Beherea) joan behar izaten dute, eta lizeoan jarraitu nahi dutenek, Baionara.

Gaur-gaurkoz murgiltze eredua hasi eta buka soilik Seaskak eskaintzen duela azpimarratu dute. "Seaskak eskaintzen duen eredua euskara berreskuratzeko bide eraginkor bakarra den heinean, ikastolen garapena lagundu behar da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.