Hazkundea

Ekonomia %2 hazi da hirugarren hiruhilekoan, uste baino gutxiago

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina %0,4 hazi da uztailetik irailera, eta Jaurlaritzak egindako %2,2ko aurreikuspenaren azpitik geratu da urte arte arteko tasa.

Pedro Azpiazu sailburua. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
xabier martin
2019ko urriaren 30a
16:18
Entzun

2019. urtean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hazkundea uste baino hamarren bat apalagoa izango zela jakinarazi zuen Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak duela bi aste, baina aurreikuspenaren doikuntza hori labur gera daiteke hirugarren hiruhilekoak eman duen hazkunde apala ikusita: BPGaren %0,4. Azpiazuk esan zuen ez duela zentzurik "alarmismoarekin" hasteak, "azterketa zorrotz eta serioa" duelako oinarrian aurreikuspenak, baina ekonomia %2ko erritmoan hazi da irailera arte, eta bultzada nabarmena eman beharko du azken epealdiak %2,2ko hazkundea lortzeko urte amaieran.

Lanaldi osoko enplegua aintzat hartuta Eustatek egindako enpleguaren neurketak islatu du %1,6 hazi dela enplegua 2018ko hirugarren hiruhilekoaren aldean. Apiriletik ekainera arteko epealdian hamarren bat gehiago hazi zen, baina, hala ere, gobernuaren azken aurreikuspena baino bi hamarren gehiago. 2019rako ere %1,6 da aurreikuspena (15.000 enplegu).

Lakuak ez du alarmarik piztu nahi, Azpiazuk garbi utzi duenez, gaur arte hazkundeak sendo jarraitzen duelako %2 inguruko erritmoan; baina nazioarteko jokalekuan ekonomia moteltzen ari delako seinaleak gero eta argiagoak dira, eta egoera hori jadanik eragina izaten ari da euskal ekonomian. Oraingoz, aurreikuspenen doikuntzak behartu dituzte, eta ikusteko dago aurrerantzean zein izango den moteltze horren eboluzioa.

2019. urtea %2,3ko hazkundearekin hasi zen lehen hiruhilekoan. Albiste onak izan ziren, aurreikusitakoa gainditu zuelako indizeak. Iragarritako moteltzea ez zen hainbesterako, eta, urteko lehen erdian, ziurgabetasunak ziurgabetasun, sendo eutsi zioten esportazioek eta barne kontsumoak aurreko urteko erritmoari. Bigarren erdian bestelako seinaleak iristen hasi dira, eta Eustatek gaur emandako datuak berretsi egin du moteltzea areagotuz doala: uztailetik irailera arteko %0,4ko hazkundeak zailago jarri du 2019ko %2,2ko hazkunde aurreikuspena betetzea. Euskal institutuak esan duenez, sektore guztietan egon da hazkundea azken hiruhilekoan, baina moteltzea gehiago nabaritu da industrian eta eraikuntzan.

Ekonomiaren termometroa

Euskal ekonomiaren termometroak 102,6ko kopurua eman du irailean; hazkunde sendoaren eremuan jarraitzen du, baina abuztuaren aldean behera egin du (106,4), Jaurlaritzak berak jakinarazi duenez. Martxoan izan zuen mailarik apalena termometroak (103,3), baina irailak are zenbaki apalagoa eman du. Termometro horretan 100dik gorako kokapenak hazkunde sendoa adierazten du; 50etik 100erako tarteak hazkunde arina; eta 50etik beherako eremuak uzkurtzea.

Egoera ekonomikoaren adierazleen azterketak dio eraikuntzak behera egin duela nabarmen, etxebizitzen esparruan batik bat, eta zama ibilgailuen matrikulazioak ere apaldu egin direla.

Gobernuak dio zerbitzuek "sendotasun nabarmena" erakutsi dutela berriro, eta industria "urrats txikiak" egiten ari dela suspertzeko bidean.

Deusto BBK behatokia +

Gaur bertan ezagutarazi du Deustuko Unibertsitatearen eta BBKren behatokiak ekonomiari buruzko beren txostena, eta argi islatzen du hasia dela "ekonomiaren doikuntza". Txostenak dio hirugarren hiruhilekoaren erakusle globalek erakusten dutela doikuntza prozesua hasi dela. "Euskadi ez da salbuespen", dio lanak, "nahiz eta Europako Batasuneko beste herrialde batzuen aurreikuspenak baino hobeak dituen".

Txostengileen ustez, ahulezia hasia da nabaritzen barne eskarian, eta hura izan da orain arte hazkundearen eragilea. Baina onartzen dute moteltzea "erritmo arinean" gertatzen ari dela, eta uste dute %2ko hazkunde inguruari eutsiko zaiola urte bukaeran eta 2020ko urte hasieran. Enplegua %1,5 inguru haziko dela uste dute. "Ez da erraza aurreikustea doikuntzak zenbateko sakontasuna eta iraupena izango duen, abiapuntua desberdina delako aurreko egoerekin alderatuta. Analista gehienek diote, dena den, hazkunde motel bat egongo dela hainbat urtetan".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.