Ekonomia uste baino gutxiago moteldu da urtearen hasieran

EBZk eta Espainiako Bankuak egin moduan, Azpiazuk esan du bere iragarpena alda dezakeela

Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Ekonomiaren hazkundea moteltzen ari da, baina iragarpenek esaten zutena baino gutxiago. Ondorio hori atera daiteke Eustatek Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako emandako datua ikusita: azken urtean %2,3 hazi da barne produktu gordina, eta %0,7 2018ko azken hiruhilekotik 2019ko lehenengora. Datu «positiboari» erreparatu dio Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak, eta aitortu du agian urte osorako iragarpena aldatu beharko duela, %2,2koa aurreikusi baitzuen.

Azken urteetan, Gasteizko gobernuak oso iragarpen zuhurrak egin izan ditu, eta gero urtearen joanean egokitu ditu. 2017an, esaterako, %2,3koa iragarri zuen, etaurtearen amaieran %2,9ra iritsi zen. 2018an, beste hainbeste egin zuen: %2,5etik %2,6ra igo zuen, eta gero asmatu zuen, %2,8an jarrita. Aurten, kontrako bidean egin du aldaketa bakarra, %2,3tik %2,2ra txikitu baitzuen martxoan.

Datorren asteartean aztertu behar ditu Iñigo Urkulluren gobernuak 2020ko aurrekontuko gidalerro nagusiak, eta horretan agertu beharko du Jaurlaritzak espero duen panorama ekonomikoa.

Espainiako Bankuak ere duela hilabete batzuk baino datu hobeak espero ditu orain. Atzo, bi hamarren igo zuen Espainiarako hazkunde iragarpena, %2,4ra arte. Onartu egin zuen atzerriko faktore batzuek arriskua badutela, baina barne eskariaren indarra are handiagoa dela ziurtatu zuen. Zehazki, familien gastua eta enpresen inbertsioa.

Europako Banku Zentralak, berriz, ostegunean aldatu zuen bere iragarpena, goranzkoa hark ere, %1,1etik %1,2ra eurogune osorako.

Aldian behin, Eustatek ere zuzendu behar izaten ditu bere datuak. Duela aste batzuk aurreratu zuen hiru lurraldeetako BPGak %2,2ko hazkundea izan zuela, eta %2,3ra igo du orain; bi hamarren igo du hiruhileko arteko hazkunde tasa ere. Badu garrantzia azken hori %0,7ra heltzeak, hazkundearen moteltzea denen ahotan dagoenean, daturik handiena baita 2018ko hasieraz geroztik—urte horretako azken bi hiruhilekoetan %0,5 hazi zen BPGa—.

Urte arteko tasak, hori bai, jaisten jarraitzen du—%2,4tik %2,3ra—, baina joera hori alda dezake urteko bigarren hiruhilekoan ere %0,7ko datuari eutsiz gero.

Espainiako Bankuaren ildotik, Eustatek ere barne eskari sendoa azpimarratu du. Guztien gainetik dago kapital eraketa gordina, hau da, enpresek egiten dituzten inbertsioak, azken urtean %4,1 hazi baitira. Barne eskariaren beste osagaiak, azken kontsumoko gastuak, nahiko egonkor jarraitzen du, gorabehera batzuekin: %2,6tik %2,2ra gutxitu da familien kontsumoa, eta %0,8tik %2ra handitu da gastu publikoa.

Esportazioak ez dira hazi

Barne eskariaren ekarpenak konpentsatu du kanpo eskariaren ahultasuna. Merkataritza gerrak, brexit-ak eta horiek herrialde batzuetan eragin duen pattalaldiak negatibo bilakatu du esportazioen (-%1,4) eta inportazioen ekarpena (-%0,9). Espainiako Industria eta Merkataritza Ministerioaren datuen arabera, urteko lehen hiru hilabeteetan %0,7 jaitsi diraesportazioak, eta %4,1 handitu dira inportazioak. Hori bai, kontuan hartu behar da azken bi urteetan inoizko esportaziorik handienak egin zituztela Hego Euskal Herriko enpresek.

Kanpo merkataritzaren arazoak islatzen dira sektoreko datuetan ere. Industriak atzera egiteari utzi dio, baina %0,4 txiki bat baizik ez da hazi azken urtean, eta are gutxiago manufaktura (%0,1). Eraikuntza asko suspertu da (%5,1) eta zerbitzuak ere sendodaude (%2,7), ostalaritzari eta merkataritzari esker (%2,9). Lehen sektorea oso gorabeheratsua izan ohi da, baina oraingoz ekarpen positiboa egin dio hazkundeari (%8,4).

Enpleguari dagokionez, %1,8 hazi da azken urtean. Eustatek nabarmendu duenez, sektore guztietan egin du gora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.