Albistea entzun

Klima larrialdia

Euskal Herriko itsasadarren inguruan milaka lagun bizi diren lurrak hartuko ditu urak 2050erako

 

Aturri arroa

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko urriak 30

Climate Central ikerketa zentroak mapa batean bildu du 2050ean non izan dezaketen uholde arriskua itsasoaren maila igotzean. Euskal Herrian, batik bat Lapurdin eragingo du, baina ez da leku bakarra izango (albiste barruan irudiak ikusgai).

Klima aldaketari buruzko ikerketek agerian jarri dute Euskal Herrian ere eragin larria izan lezakeela urte batzuk barru. Itsasoaren maila nola igoko den, mapa zehatzak egin ditu Ameriketako Estatu Batuetako Climate Central ikerketa zentroak. Haren arabera, munduan 300 milioi lagun bizi diren lekuak arriskuan egongo dira 2050ean, non eta ez diren aparteko neurriak hartzen itsasoko uraren erauntsia geldiarazteko. Orain arteko kalkuluak goratu egin ditu azken ikerketa horrek, orain arteko kalkulu ereduek aurreikusi baino hiru aldiz herritar gehiagok jasango baitute kaltea, azken iragarpenaren arabera.

Batik bat Asian nozituko dute itsasoa igotzearen kaltea, sei herrialdetan: Txinan, Bangladeshen, Indian, Vietnamen, Indonesian eta Thailandian. Herrialde horietan, 237 milioi lagun egongo dira urtero uholdeak jasateko arriskuan.

Euskal Herrian arrisku lekuak zein diren jakiteko modua ere jarri du ikerketa horrek. Oro har, kostalde osoan nabarituko dute eragina itsasoaren maila igotzean, baina toki batzuek arrisku handiagoa dute, haien orografia kontuan hartuta. 2050erako aurreikuspenen batez bestekoa aintzat hartuta —alegia, agertokirik ezkorrenaren eta baikorrenaren artekoa—, hauek dira arrisku handieneko eremuak, ekialdetik mendebaldera (klikatu irudietan tamaina handiagoan ikusi eta hurbiltzeko):

1. Aturri arroa. Marea biziak direnean bereziki nabaritu ohi dute Aturri ibaiaren inguruko herrietan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean. Itsas mailaren igoerak bereziki eragingo die haiei: Bokale, Baiona, Hiriburu, Lehuntze, Ahurti, Gixune, Samatze... Hiriburuan, Baionan, ibai ertzeko bi aldeek izango dute uholde arriskua: Leon Bonnat etorbideak eta inguruak —herriko etxetik itsaso alderako eremu osoa—, eta kai aldeak. Arriskupeko eremua izango da A64 autobiderako sarbidearen ingurua ere: Ametzondo merkataritza gunearen eremu osoa.

2. Donibane Lohizune. Urdazuri ibaiaren inguruak daude arriskuan: bai Donibane Lohizune eta Ziburu —besteak beste, tren geltokiaren inguru osoa—, bai barruragoko eremuak, Azkaineraino.

3. Irun. Gipuzkoa eta Lapurdi artean ere arrisku nabarmena sumatu dute ikertzaileek; uholdeak jasateko arriskuan daude, adibidez, Hondarribiko aireportua, Ficoba erakustazoka eta Zokoa ingurua.

4. Donostia-Pasaia. Gipuzkoako hiriburuan, bereziki Gros eta Egia inguruan eragingo luke itsasoaren maila igotzeak. Uholde arriskuan leudeke Norteko tren geltokia eta Tabakalera ingurua, baita Kursaal jauregiaren aldeko eremua ere. Urumea ibaiaren ertzean daude denak. Ibaiaz beste aldera, Maria Cristina hotelaren inguruan ere balukete arriskua, baita Kontxa hondartzaren bueltan ere. Donostiatik gertu, Pasaia aldean ere kalte arrisku nabarmena lukete: Pasaia, Lezo eta Errenteria ageri dira mapan seinaleztatuta.

5. Orio-Zarautz. Orioko itsasadarrean, kirol portuaren inguruko eremu osoak izango du uholdeak pairatzeko arriskua, baita herrigunean ere, Baxoalde kalearen inguruan. Zarautzen, itsas ertzean ez ezik, barrurago ere izan ditzakete arriskuak: A8 autobidearen ingururaino iritsiko litzateke itsasoko ura, eta Asti auzoraino —herriko bi kanpinetako bat dago han—.

6. Urdaibai. Uholde arriskuan dagoen eremua oso zabala da Urdaibai aldean: Gernika-Lumo, Forua, Kortezubi, Gautegiz-Arteaga, Murueta, Busturia... Izaro uharteak berak ere arriskua dauka lur eremua urpean geratzeko. Nekazaritza lurretan soilik ez, etxebizitzak dauden eremuetan ere badute ura sartzeko arriskua.

7. Bilboko itsasadarra. Jende asko bizi den eremuak daude arriskuan Bilboko itsasadarrean: Bilbon bertan, Zorrotzan, Zorrotzaurren, San Ignazion eta Botikazar inguruan eragingo luke, baita barrurago ere, Guggenheim museoaren inguruan. Marea bizietan ere eragin ohi du gaur egun. Itsaso alderago ere badute arriskua: Erandion, Barakaldon eta Getxon, adibidez. Getxon eta Barakaldon, ibai ertzetik nabarmen barrura sar daiteke ura: adibidez, BEC erakustazokara Max Center inguruko lur eremura.

8. Muskiz. Itsasoaren maila igota, Arena hondartzatik barrualdera jo dezake urak, eta Muskiz aldeko lur eremuak uholde arriskuan jarri. Barbadun ibaiaren bueltan, Petronorren planta legoke arriskuan, besteak beste.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Julen Portillo, eskuinean, Joseba Argiñano sukaldaria ondoan duela, ETB1eko Sukalerria saioan. ©Julen Portillo

Euskara, sormenerako harribitxia eta aukera

June Romatet Ibarguren - Gipuzkoako Hitza

Sortzaile gazteak dira Julen Portillo zarauztarra, Andrea Gonzalez bergararra eta Maddi Etxeberria andoaindarra. Internet bihurtu dute euren gotorleku, eta han biluzten dute barrua, eguneroko kontuak bideo labur bihurtuta. Hasieratik argi eduki zuten hirurek: euskaraz sortuko zituzten edukiak. Bidea egiten ari dira.

Alberto Corral eta Iñigo Brull. ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

«Azpikontratazio modua aldatu nahi dugu: salerosketa da hau»

Mikel Garcia Martikorena - Bizkaiko Hitza

Ekainetik protestan dabiltza Apnabi Bizkaiko autisten familien elkarteko langileek dituzten baldintzengatik. Aldundiarekin itundutako "salerosketa" eredua bukatzeko eskatzen dute, Alberto Corral eta Iñigo Brull langile batzordeko kideek diotenez.

 

Elantxobeko portua, artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / Foku

Urpekari bat hilda atera dute uretatik Elantxoben

Berria

10:00ak aldera atera dute gorpua, herritar batek abisua eman ostean. Ikerketa zabaldu du Ertzaintzak.

Suhiltzaile bat lanean, artxiboko irudi batean. ©Juan Carlos Ruiz / Foku

95 urteko gizon bat hil da Bilbon, bere etxeak su hartu eta gero

Berria

02:00ak aldera gertatu da ezbeharra. Gizona bizirik atera dute suhiltzaileek, baina ospitalean hil da.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.