Jardunaldi feministak

Euskal Herriko V. jardunaldi feministak, 11 urte geroago

Durangon egingo dira jardunaldiak, bihartik igandera. 3.000 emakumek baino gehiagok eman dute izena. "Ildo estrategiko nagusiak" eztabaidatuko dituzte.

Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministen aurkezpena, maiatzaren 11an, Durangon (Bizkaia).
Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministen aurkezpena, maiatzaren 11an, Durangon (Bizkaia). Juan Carlos Ruiz/Foku

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko urriak 31

Hamar urte baino gehiago dira Euskal Herriko mugimendu feministak azken jardunaldiak antolatu zituela: 2008an izan ziren, Portugaleteko Nautika Eskolan (Bizkaia). Ordutik, aldaketa ugari izan dira "eremu sozial, ekonomiko, politiko, ideologiko eta instituzionalean", mugimenduak nabarmendu duenez. Horrez gain, azken urteetan "mugimenduaren erraiak" aldatu direla adierazi du. "Mugimendu feministaren ikusgaitasuna, zilegitasuna eta mobilizatzeko gaitasuna areagotu eta indartu egin dira". Hori dela eta, "elkartzeko garaia" dela uste dute; 3.000 emakumek baino gehiagok eman dute izena.

Salda badago izenburua jarri diete jardunaldiei, eta, hari tiraka, adierazi dute "su motelean luze irakin" duen "iraultza" dela mugimendu feministarena; "belaunaldiz belaunaldi partekatutako beroa, iraultza eta borroka" biltzen dituena.

Jardunaldiek helburu izango dute egungo testuinguruak mugimendu feministari eskaintzen dizkion "aukerak eta oztopoak" identifikatzea, 2018ko eta 2019ko martxoaren 8ko "greba feministaren uholdearen ezaugarriak eta ondorioak" lantzea, subjektu politiko feministaren inguruan eztabaidatzea eta mugimendu feministaren antolaketa ereduaren eta militantzia feministaren inguruko diagnostikoa egitea, besteak beste.

Euskal Herriko testuinguru partikularra ere aintzat hartuko dute hausnarketa prozesuan. Mugimendu feministak gogorarazi du Euskal Herrian "testuinguru politiko berri bat" dugula, "urteetan gure gorputzak eta mugimendua zeharkatu dituen gatazka politiko armatuaren konponbidean" murgilduta. Adierazi du feminismoak "asko" duela "esateko, gogoetatzeko eta eragiteko" arlo horretan.

Bosgarren jardunaldietako gogoeta bost ardatzen inguruan garatuko dute. Lehena, mugimenduaren barne egiturari begirakoa. Antolatzaileen esanetan, "ukaezina" da mugimendu feministaren "hedapen ikaragarria", eta ezinbestekoa da etorkizunerako neurri estrategikoak aztertzea. "Zerk batzen gaituen, horri begiratu nahi diogu".

Bigarren ardatza mugimenduaren "agenda partekatua" da. Ohartarazi dute "guztiontzako bizitza bizigarriak lortzea elkarren arteko beharren aitortzatik" hasten dela. Injustiziak "elkarlrekin loturik" ulertzearen garrantzia nabarmendu dute.

Indarkeria matxista ere ardatzetako bat izango da, "sistema heteropatriarkal kapiltalistak" duen "zigor tresna nagusia" den heinean.

Gorputzak, burujabetzak eta dekolonialitatea izenburua jarri diote laugarren ardatzari. Gorputza eta nortasuna "merkantilizatzeko" estrategiez ohartarazi dute, eta horri aurre egiteko beharrezkotzat jo dute "begirada dekoloniala lantzea".

Azkenik, sexualitatea izango da eztabaidarako bost gai nagusietako bat. Sexualitatea gozatzeko "modu bakar eta hegemonikotik" harago, "desira berriak eraikitzea" dute erronka: "arauetatik at dauden gorputz eta praktikekiko dugun begirada birmoldatzea".

Euskara, kohesiorako hizkuntza

Durangoko jardunaldietan euskara "erdigunean" jarri nahi dutela adierazi dute antolatzaileek. Ez edonola, ordea. "Gure erronka da zeregin hau zaintzatik eta enpatiatik egitea". Euskara "harrera hizkuntza" izatea nahi dute, "bakoitzaren hizkuntza maila edozein izanda ere, komunitate linguistiko eta kultural honen parte sentitu gaitezen". Tresna eta metodologia bereiziak prestatu dituzte, "euskararen erabilera efektiboa egin eta bakoitzak behar duen hizkuntza erabiltzeko aukera izan dezan".

 

Zure sostengua, egunkari feminista bat egiten jarraitzeko

BERRIAk aspalditik lantzen ditu genero gaiak, arreta eta sentsibilitate berezia jarrita. Gure balioetako bat da feminismoa, eta horren inguruan jarraitu nahi dugu aktualitatearen ertzak aztertu eta errealitatearen zergatiak arakatzen, gure irakurleei genero ikuspegia duen kalitatezko kazetaritza eskaintzeko.

Kazetaritza hori nahi baduzu, egin ekarpena BERRIAri.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna