Altsasuko Auzia

Ekitaldi bereziak antolatu dituzte Altsasun, justizia eskatzeko

Hiru urteko labirintoa izenburupean, emanaldiok antolatu dituzte: bi kontzertu Burunda frontoian, 2018an Arcon zentsuratutako Sergio Sierra artistaren erakusketa Iortia kulturgunean eta auziaren nondik norakoak aztertuko dituzten lau kazetariren mahai ingurua

Gaurko agerraldia, Altsasuko Iortia kultur gunean.
Gaurko agerraldia, Altsasuko Iortia kultur gunean. Foku

Joxerra Senar -

2019ko urriak 30

Azaroaren 14an, hiru urte beteko dira Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile instruktoreak Altsasuko zortzi gazteak atxilotzeko agindu zuenetik. Senide eta altsasuarrek hiru urteotan bizitako amesgaiztoari aurre egin diote uneoro, eta Auzitegi Gorenaren epaia kaleratu berri den honetan ere, aurrera jo nahi dute, auzia salatu asmoz.

Altsasuko auzia, hiru urteko labirintoa  izenburupean, azarorako hainbat ekitaldi berezi antolatu dituzte. Etzi, Altsasuko Burunda frontoian, makrokontzertu batekin ekingo zaio hilabete horretarako aurreikusitako emanaldiei. Makrokontzertuaren leloa Txikitasunetik egia erein da, eta hainbat taldek parte hartuko dute (A quemarropa, Nafarroa 1512, Txulapos Muertos, Azken Sustraiak, Iruñerria Jamaica Clash, Suia eta Ama Rebel...)  Hainbat gazte elkartek aurreko urriaren 16an auzia salatzeko egindako prentsaurrekoan aurreratu zen jada hitzordu hori. 

Sierraren erakusketa preso politikoei buruz

Astelehenean, 18:30ean, Sergio Serra artistaren erakusketa inauguratuko da Preso politikoak Espainia garaikidean izenburupean. 2018an, Madrilgo Arco Arte Garaikideko Azokan ikusgai izan zen erakusketa hori baina zentsuratua izan zen eta erretiratu egin zuten antolatzaileek: zuri beltzeko 24 argazki pixelatu dira, eta 74 preso politikori egiten diote aipamen —argazkietako batean Altsasuko gazteak ageri dira—.  Sierra arte munduan ezaguna da, kapitalismoaren gehiegikeriak salatzen dituelako. 

Altsasuko antolatzaileek esker on berezia azaldu diote Txatxo Beneti, arte bilduma horren jabeari. Gainera, erakusketari jarraipena eman nahirik, zabaldu egin nahi dute ideia eta zentsuratutako argazkiak gehitu nahi dizkiote. Dei berezia egin diote herritarrei parte hartzeko. Erakusketa azaroaren 30ean amaituko da, eta bideo laburpen bat emango dute.

Azaroaren 8an, ostiralean, 18:30ean, Altsasuko auziak ezkutatzen duena aztertuko dute lau kazetarik mahai inguruan: Aritz Intxusta Gara-ko kazetaria, Joseba Santamaria Diario de Noticias-eko zuzendaria, Bea Talegon Diario 16-ko kazetaria eta Bertha Gaztelumendi kazetari eta EHUko ikerlaria. Xabier Lapitz ETBko aurkezlea izango da moderatzailea. Bi kantekin, mahai inguruari amaiera emango dio Gontzol Mendibilek. Abestetako baten izenburua Altsasu da.

Azkenik, azaroaren 24an, 19:30ean, Burunda frontoian, kontzertu berezi bat egingo da Aske izenburupean. Miren Amuriza bertsolariak eta Dani Martirena kazetariak. Kantari, bertsolari, musikari eta dantzariek parte hartuko dute. Tartean, Oreka Tx, Altsasuko dantzariak, Aiora Errenteria, Jon Maia eta Hodei Barroso, Aurora Beltran, Tximeleta eta, bukatzeko, Lluis Llach. Sarrerak bost euro balioko du.

 

 

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna