Garraioa

Ordu erdi lehenago eskatu beharko da ibilgailu gidaridunen zerbitzua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Eusko Jaurlaritzak, taxi gidariek eta IG ibilgailu gidaridunen elkarteek dekretuz arautuko dute IGen jarduna. Urte amaierarako onartu nahi dute legea.

Bilboko taxi gidari talde bat Uber eta Cabify enpresen jardunaren kontra protestan, iazko uztailean, Bilboko aireportuan. MIGUEL TOñA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko azaroaren 4a
17:50
Entzun

Uber enpresa Bilbon zerbitzu ematen hasi izanak ezinegona piztu du alderdi eta instituzioetan. Jardun hori arautzeko, Eusko Jaurlaritzak dekretua onartuko du urte amaierarako, eta, aurreratutakoaren arabera, egun Uber eskaintzen ari den zerbitzua ez da legezkoa izango dekretua indarrean sartzen denean. IG enpresa guztietako erabiltzaileek bidaia hasi baino gutxienez ordu erdi lehenago eskatu beharko dute zerbitzua. Horrez gain, IGek ezin izango dira kalean bueltaka ibili bezero bila. Taxiek izango dute soilik horretarako baimena.

Eusko Jaurlaritzak, taxi gidari elkarteek eta IG enpresek adostu dituzte dekretuaren oinarriak, hiru aldeek gaur egin duten bileran.

Uber joan den astean hasi zen Bilbon eta inguruetan zerbitzua eskaintzen. UberX izeneko aplikazioa erabiliz, aukera eskaintzen du Bizkaiko hiriburuan IG autoak alokatzeko. Taxi gidarien iritziz, eskaintza hori lehia bidegabea da. Iaz, greba eta liskar handiak izan ziren —Espainian eta Katalunian batez ere, baina baita Euskal Herrian ere— IG lizentziak erabiltzen dituzten ibilgailuen jarduera eta horien zerbitzuak eskaintzen dituzten plataforma digitalena arau zezatela eskatzeko.

Juan Galiardo Espainiako Uberreko zuzendariak azaldu duenez, Bilbon lanean hasi aurretik Eusko Jaurlaritzarekin eta Bilboko Udalarekin harremanetan jarri dira, "aritzen garen hiri guztietan beti egiten dugun moduan". Haren esanetan, lehenengo kontaktuak duela urtebete hasi ziren, eta hilabete hauetan guztietan harremanetan egon dira.

Bilboko Udalak bestelako bertsioa du: Mugikortasun zinegotzi Alfonso Gilek "gauez eta maltzurkeriaz" aritzea leporatu dio plataformari. Bezperan eta mezu elektroniko baten bidez jakinarazi zioten zerbitzua eskaintzen hasteko asmoa zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.