Indarkeria matxista

Aurrekariak ditu Baionan emaztea hil duelakoan atxilotutako gizonak

Larunbatean, gizonak berak Poliziari hots egin zion, bikotekidea hilda aurkitu zuela esanez: emakumeak ubelduak zituen. Aurten hildako laugarren emakumea da; Lapurdin hiru hilketa matxista izan dira. 2003az geroztik, 102 emakume hil dituzte indarkeria matxistagatik.

Indarkeria matxistaren kontrako manifestazio bat, iazko azaroan, Baionan. BOB EDME
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko azaroaren 5a
07:12
Entzun

Emazte bat hilik aurkitu zuten larunbatean Baionan, eta hilketa matxista izan dela uste du Frantziako Poliziak. Atxilotu egin dute andrearen bikotekidea. Gizonak berak deitu zuen larunbatean larrialdi zerbitzuetara, emaztea hilik aurkitu zuela eta. Hainbat hedabidek polizia iturriak aipatuz zabaldu dutenez, emaztearen hilotzak ubeldu ugari zeuzkan, eta hilketarena da hipotesi nagusia. Gizona bihar da igarotzekoa epailearen aurretik. Aurrekariak ditu genero indarkeriagatik. Kasua sekretupean dagoela eta, Marc Mariee prokuradoreak ez dio informazio gehiago eman nahi izan BERRIAri. Hildako emazteak 53 urte zituen. Ez dute izenik eman.

Baiona iparraldeko etxebizitza batean aurkitu zuten hilotza, gizonak egindako deiaren ondoren. Emakumearen gorpuak nolako zauriak zituen ikusirik, bikotekidea akusatu zuten poliziek. Hark ukatu egin du hilketa, baina kartzelan sartu dute behin-behinean. Epailearen aurretik pasatuko da ostegunean gizona, eta hark erabakiko du kartzelan segituko ote duen.

Kasua «ohiko indarkeria» gisa ari dira ikertzen. Gogoan izatekoa da indarkeria matxistarekin lotutako kasuak horrela izendatzen dituztela Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, Frantziako legediagatik. Atxilotutako gizonezkoak aurrekariak ditu gisa bereko delituengatik. 52 urte ditu.

Lapurdiko hilketak
Indarkeria matxistagatik aurten Euskal Herrian hildako laugarren andrea litzateke Baionan zendutakoa. Azken hilketa Iruñean gertatu zen, abuztuan: 72 urteko andre bat, Alicia Zubiri, laugarren solairu bateko leihotik jausi zen, eta semea kartzelatu zuten, hark bota zuelakoan. Beste bi hilketak Lapurdin gertatu ziren, ekainean: bietan bikotekideak azaldu ziren hilda, eta Frantziako Poliziak uste du gizonek hil zituztela andreak, eta beren buruaz beste egin zutela ondoren. Bardozen gertatu zen hilketa bat; Chantal Joantegi hil zuten, 72 urtekoa. Urruñan izan zen bestea: 81 urteko Mayie Nervi hil zuten. Tiroka hil zituzten biak.

Azken urteetako kopururik apalena da aurtengoa, oraingoz —iaz, bederatzi emakume hil zituzten—. 2003tik hildakoak 102 emazte dira, BERRIAk hilketa matxistei buruz bildutako informazioaren arabera —11 ume ere hil dituzte—.

Lapurdin gertatu dira aurtengo lau hilketa matxistetatik hiru. Ez da aurtengo joera soilik. Indarkeria matxistari buruz BERRIAk jasotako datuek agerian utzi dute proportzioan Lapurdin gertatzen dela hilketa gehien: han hil dute bost emakumetik bat, nahiz eta Euskal Herriko biztanleen %8 bizi diren. Beste datu ezohiko bat ere bada Lapurdin: hilketa matxistak egin dituzten gizonen herenak saiatu dira beren buruaz beste egiten (32 gizon), eta horietatik herenak, Lapurdin (13). Gainerako herrialdeen gainetik dago portzentajea. Urruñako eta Bardozeko hilketek bi baldintzak bete zituzten: Lapurdin gertatu ziren, eta bikotekideak hil ostean beren buruaz beste egin zuten gizonek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.