Enpresak

Siemens Gamesak dozenaka langile kaleratuko ditu Zamudion eta Sarrigurenen

Enpresak irabaziak bikoiztu ditu, baina seiehun langile kendu nahi ditu, kostuak txikitu eta errentagarritasuna handitzeko. «Neurri bigunak» negoziatu nahi ditu.

Siemens Gamesaren haize errota bat. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu - Irune Lasa
2019ko azaroaren 5a
07:11
Entzun

Zehazki zenbat diren egun gutxiren buruan jakingo da, baina  gauza bat argi dago: Euskal Herrian eragin handia izango dute Siemens Gamesak iragarritako kaleratzeek. Multinazional eolikoak 600 langile botako dituela iragarri du, kostuak jaisteko eta enpresaren errentagarritasuna handitzeko haize erroten prezio apalen testuinguru batean. Kaleratzeak bulegoko lanetan gertatuko dira, eta horretatik asko dauka Siemens Gamesak Euskal Herrian: Zamudion (Bizkaia) du egoitza nagusia, eta handik eta Sarrigurendik (Eguesibar, Nafarroa) gidatzen dute onshore negozioa, lurreko haize errotena. Euskal Herriko zentroen eta Madrilen artean 109 kaleratze izango direla azaldu diete sindikatuek berri agentziei.

Langileek informazio zehatzagorik ez dutela azaldu dio Puy Remirez ELAko ordezkariak Berria-ri. Oso haserre azaldu da enpresarekin. «Zuekin batera [kazetariekin] jakin dugu kaleratzeena. Sekulako mespretxua da langileei eta haien ordezkariei». Formekin ez da harrituta azaldu, baina bai, ordea, mamiarekin. «Harritzen gaituzte kaleratzeek. Sarrigurenen behinik-behin lan karga ikaragarriak dituzte; langileak lanez gainezka daude, eta estres arazoak». Azken berregituraketan gertatutakoa gogoratu du: Zamudion, Sarrigurenen eta beste bulego txikiagoetan 142 lagunek onartu zuten enpresa uzteko eskaintza, «eta handik gutxira jende gehiago hartu behar izan zuten; soldata txikiagoekin, noski».

Marcus Tacke kontseilari ordezkariak gaur Madrilen azaldu zuenez, berehala hasi nahi dituzte negoziazioak sindikatuekin. «Helburua da errentagarritasuna handitzea, epe luzerako hazkunde errentagarria eta lidergoa ziurtatzeko». Lan taldea «neurri bigunen bidez» murrizten saiatuko dira. Hau da, erretiro aurreratuekin, birkolokazioekin eta diruz lagundutako kaleratzeekin.

Fabriketan, ez

Kaleratzeak izango dira Alemanian (99), Erresuma Batuan (11), baita Italian, AEBetan, Polonian, Indian, Txinan eta Belgikan ere. Kaleratze kopururik handiena Danimarkan izango da, 201 langile kendu nahi dituelako hango bulegoetatik. Irailean, herrialde horretan beste 600 kaleratze iragarri zituen Siemens Gamesak, baina oraingo «doikuntzak» ez du zerikusirik ordukoarekin, oraingoan ez baitute ekoizpen gaitasuna txikituko.

Horregatik, Tackek argitu du kaleratzerik ez direla izango Euskal Herriko ekoizpen plantetan: Agoitzen (Nafarroa), Asteasun (Gipuzkoa) eta Mungian (Bizkaia). Duela bi aste beren lanpostuekiko kezka azaldu zuten Agoitzen (250 langile), haiek bezala haize errotetarako palak egiten dituen beste lantegi bat erosi diolako Siemens Gamesak Senvion lehiakideari, Vagosen (Portugal).

Fabrika hori «Asiako hornitzaileekiko menpekotasuna txikitzeko» izango dela berretsi du Tackek, ez diola Agoizkoari lehiarik egingo. Baina argi esan zuen Agoizko eta As Somozasko (Galizia) lantegiak Espainiako merkatuaren eskaria betetzeko direla. Hau da, eskaririk ez badago, arriskuan leudekeela.

Proiektu berriak

Tackek espero du Espainian «aurki» gobernua osatzea, eta energia eolikoari bultzada ematea. Euskal Herrian ere izan daitezke berritasunak arlo horretan. Jaurlaritzak bi urte barru jarri nahi du martxan parke eoliko bat, eta Iberdrola du bazkide, Siemens Gamesaren akziodunetan bigarrena (%8). Anbizio handiagoa du Nafarroako Gobernuak: uneotan beste 650 MW gehitzeko hamasei proiektu daude bidean. Gainera, Nafarroako parke gehienek hogei urte bete dituzte, eta haize errota handiagoak jartzeko une iristen ari zaiela onartu du Iruñeak.

Tackek ziurtatu du Siemens Gamesak enpresa «independente» bat izaten jarraituko duela, nahiz eta 2020ko apirilean akziodun nagusiak —Siemens, akzioen %59ekin— Siemens Energy adarrean bilduko dituen energiarekin dituen interes guztiak. Egoitzak Zamudion segituko du, baina han gero eta pisu handiagoa dute zuzendari alemaniarrek, Gamesatik iritsitakoen kaltetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.