MIGRATZAILEAK

Frantziak gogortu egin ditu migrazio politikak, osasun zerbitzua mugatuz

Parisko gobernuak neurri sorta bat aurkeztu du migrazioen «kontrola berreskuratzeko», eskuinaren ohiko aldarrikapen batzuk bere eginda. Migratzaileak onartzeko kuota sistema bat ezarri nahi dute.

Frantziako Gobernuko ministerioen bilkura. DOMINIQUE FAGET, EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko azaroaren 6a
17:35
Entzun

Segurtasuna bermatzea eta iruzurra saihestea argudiotzat jarrita, migrazio politikak gogortzeko proposamen sorta bat aurkeztu du Frantziako Gobernuak. Eskuineko sektoreek hauspotuta, migrazioari buruzko eztabaida puri-purian dago Frantzian berriz ere, eta testuinguru horretan iragarri du gobernuak neurri sorta hori. Eskuinaren aldarrikapen batzuk bere egin ditu Emmanuel Macron presidentearen alderdiak; adibidez, asilo eskatzaileen osasun zerbitzua mugatzea eta migratzaileak hartzeko kuotak ezartzea. Proposamenek ezinegona eragin dute Macronen alderdian bertan ere. Ipar Euskal Herrian zuzeneko eragina lukete neurriek, eta bereziki batzuek: Parisek muga kontrolak indartu nahi ditu, eta mugako itzulketak areagotu. Autoritate kutsuko mezua eman du Edouard Philippe lehen ministroak: «Gure migrazio politiken kontrola berreskuratu behar dugu».

Neurri sorta horri itzal handia ematen saiatu da gobernua: proposamena bost ministrok aurkeztu dute, Philippe buru zutela. Neurrietako batzuek lege aldaketak eskatuko dituzte, eta, beraz, parlamentuaren oniritzia beharko dute —ezkerreko taldeak aurka agertu dira jada, eta Macronen alderdian ere badira gorabeherak—. Are, neurriak onartuz gero ere, litekeena da auzitegietan amaitzea.

Bi neurri nabarmendu dituzte. Batetik, osasun arloari dagokiona: egoera irregularrean dauden herritarren zerbitzua mugatzea. Hiru hilabete igaro arte ez lukete jasoko ohiko zerbitzua: larrialdietara soilik jo ahalko lukete. Justifikazio gisa, «osasun turismoa» aipatu du gobernuak: osasun zerbitzuak jasotzeagatik joaten dela jendea Frantziara. Orain urte batzuk, argudio hori erabili zuen Espainiak migratzaileen arreta mugatzeko. Duda handia sortu zuen, bai osasun aldetik —osasun publikoarentzat arriskua da—, bai diruari dagokionez—larrialdiak garestiagoak dira—.

Kuotei buruzkoa da beste neurri polemikoa: «Talentua erakartzeko helburuak zehaztea», gobernuak dioenez. Zera egin nahi dute: urtero aztertu zer langile behar diren enpresetan, zer arlotakoak, eta horren arabera onartu etorkinak. «Immigrazio profesionala» bultzatzea aipatu dute.

Migratzaileak kanporatzeari buruzko proposamen bat baino gehiago jarri du mahai gainean gobernuak; besteak beste, atxikitze zentro gehiago egitea —Hendaian dauka bat, Lapurdin—, eta mugako kanporatzeak azkartzea. Aurreko hilabeteetan zeresana jarri dute kaleratzeek: iruditan erakutsi dute poliziek nola atxikitzen eta kanporatzen dituzten migratzaileak Lapurdin sartu orduko.

Politikak gogortuta, zentraltasun itxura eman nahi du gobernuak. Philippe: «Oreka topatu dugu eskubideen eta betebeharren artean, herritarrak lasaitzearen eta populismoari hatsa ez ematearen artean, gure balioak defendatzearen eta munduko aldaketekiko errealismoaren artean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.