Enpresaburuak

Langile gazteei gutxi ordaintzen dietela ukatu du Zubiaurrek

Confebaskeko presidentearen arabera, soldatak ez dira "talentua erakartzeko" arazo bat.

Eduado Zubiaurre, erdian, Confebasken agerraldi batean. MONIKA DEL VALLE, FOKU
Iker Aranburu.
2019ko azaroaren 7a
12:11
Entzun

Eztabaida sortu zen duela aste batzuk, Orkestra Lehiakortasunerako Institutuaren txosten batek kritika egin zielako enpresa batzuei, kualifikazio handiko langileei ez zizkietelakoan behar besteko soldatak eskaintzen, eta horregatik egiten zutelako alde. "Baldintza onak eskainiz gero, zergatik joan nahiko dute beste nonbaitera? Beldur hori galdu beharra daukate enpresek», azaldu zuen Mikel Navarro Orkestrako ikerlariak.

Adierazpen horiek harriduraz hartu zituen Confebaskek, eta gaur segida izan du gaiak, patronalak antolatutako Talentuaren erronka Euskadin ekitaldiaren hasieran. Parte hartzaileei harrera egiteko hitzaldian, Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak ziurtatu du lanpostu batzuk betetzeko arazoak "gero eta nabariagoak" direla. "2016an arazo bat zen Euskadiko enpresen erdientzat (%45), eta bi urte geroago, 2018an, jada %70ek zuten arazo hori erantsita. Ez dute denek, ez dute sektore guztietan, ezta indar berarekin ere... baina, eurek jakinarazi digutenez, hiru euskal enpresatik bik zailtasun handiak dituzte nahi dituzten langileak kontratatzeko", esan du.

Bi arrazoi ikusten ditu horretarako: demografia, eta langileek duten formakuntza eta esperientzia ez datozela beti bat enpresek behar dutenarekin. Enpresek eskaintzen dituzten soldatak, ordea, ez dira hainbesteko arazo, Zubiaurreren arabera. "Hautagaiek eskatzen duten soldata edo lanpostu bat onartzeko exijitzen dutena ez daude kontratatzeko zailtasunak azaltzen dituzten lehen hiru arrazoiren artean".

Lanbidek EHUko, Deustuko eta Mondragon unibertsitateetan graduatutako gazteen artean egindako inkesta bat aipatu du patronaleko buruak langile gazteen soldatak hain txikiak ez direla azaltzeko. "Enpresa batera sartu berri den langile baten soldata garbia, 1.500 euro da hilean, eta hamalau ordainketarekin. Eta ikasketa teknikoetan eta ingeniaritzan, ia 1.700 eurora igotzen da soldata: berriro esango dut, soldata garbiak dira, eta ibilbide profesionala hasi berri dutenentzat".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.