Nafarroako Gobernua

Gobernuaren egitura berriak 4,8 milioi euroko gainkostua du, EH Bilduren arabera

Txibiteren gobernuak gehitu egin ditu departamenduak, bederatzitik hamahirura, eta hortik beherako kargu kopuruak ere gora egin dute. Prozesua amaitzen dutenean emango dute zenbatekoa, Javier Remirezen arabera.    

Bakartxo Ruiz, osoko bilkuran, abuztuan. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2019ko azaroaren 7a
17:46
Entzun

Txibiteren gobernuak oraindik ez du aurreratu kostuaren zenbatekoa, baina EH BIlduk kalkulatu du 5 milioi euroko gainkostua duela. Bakartxo Ruiz parlamentariaren arabera, 97 kargu berri daude egituran. Departamentuak bederatzitik hamahirura handitu dira, baina hortik behera ere handitu da egitura: 11 zuzendaritza nagusi gehitu dira (21tik 32ra), beste hamalau zerbitzu gehitu (104tik 118ra); 52 atal gehiago daude (346tik 398ra), eta 370 bulego daude, oraingoz. "Ez dakigu zenbat gehiago dauden, baina uste dugu gehiago izango direla", zehaztu du Ruizek.

Atzo, gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Javier Remirez presidenteordeak azaldu zuen moldaketa oraindik ez dela amaitu, eta prozesua burututakoan emango dutela azken kopurua. Dena den, gaur, egunerokotasunari buruzko osoko bilkuran, EH BIlduk eta Navarra Sumak horri buruz galdetu diote. Erantzun bera jaso dute.

Haatik, EH BIlduk bere kalkuluak egin ditu, "nahiko zorrotza", Bakartxo Ruizen esanetan. "Ez dira datu osoak", aipatu du, eta gaineratu du oraindik ere hainbat datu falta zaizkiela. Hala ere, esku artean dituzten datuak aintzat hartuta, 4,8 milioi euroko gainkostua neurtu dute. Remirezek irailean aurreratu zuen moldaketa prozesua 1,7 milioi euro kostatuko dela. "Gure kalkuluen arabera, ordea, zeuk emandako hori baino 2,8 bider handiagoa da". Bakartxo Ruizek azpimarratu du legealdi osoan 18 milioi euroko gainkostua izan dezakeela.

Azken kopururik oraindik eman ez duenez, Remirezek aipatu du hasieratik aurreikusitako aldaketa eta baliabideak jarri dituztela. Begi bistakoa da kostu handiagoa duela egitura berriak, eta, Remirezen hitzetan, "inbertsioa bat da, herritarrentzat zerbitzuen kalitatea hobetuko duelako".

Navarra Sumaren kritikak

Eskuineko koalizioak ere antzeko kalkulua egin du, eta egitura berria urtero 4,5 milioi eta 5 milioi euroraino kostatuko dela ondorioztatu du. Marta Alvarez Navarra Sumako parlamentariaren esanetan, "ehun goi kargudun" gehiago dira, eta gogorarazi du Txibitek elkarrizketa batean aipatu izan duela ez dela "euro bat ere" kostatuko, aurrekontuetatik finantzatuko delako: "Txapela pasatuko al du, bada, PSNk? Aurrekontuak herritarren poltsikoetatik ateratzen dira". Alvarezen esanetan, edo zergak igoko dituzte edo "beste gauza batzuetan gastatzeari utziko zaio".

Ramirezi "susmagarria" egin zaio kritika horretan Navarra Sumak eta EH Bilduk bat egitea. Haren esanetan, egitura berria herritarren beharrei erantzuteko izango da. "Eta ez zuek egiten zenuten bezala, zeuen behar pertsonalei erantzuteko".

Geroa Bai, mesfidati

Hala ere, bazkideen artean auziak ekarri du zeresana. Oraintxe, hauteskundeek bereganatzen dute arreta, baina auziak polemika eragin du. Aurreko astean, Geroa Bai mesfidati agertu zen aldaketarekin. Azken batean, aurreko gobernuaren gidaritza haren eskuetan zegoen, eta, kudeaketa horri begira, bestelako eredua ezarri du orain PSNk. "Adostasunik gabe egin du". Oraindik legealdi hasiera izan arren, ez da lehen aldia PSN bere kabuz jarduten ari dela —izan euskararen dekretuaren aurkako epaiaren helegitearekin, izan Errenta Zergan deflaktazioa aplikatzeko proposamenarekin, adibidez—. Geroa Bairen ustez, "neurriz" jokatu beharko luke gobernuak.

Aurreko astean, Ahal Dugu zuhur agertu zen gainkostuarekin, eta esan zuen aztertu egin behar duela. Ezkerrako Marisa de Simonek, berriz, onartu zuen ez zuela ezagutzen egituraren moldaketa hain handia zela, baina aipatu zuen hasieratik kritikatu zuela departamentu kopurua handitu izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.